Nazioarteko Paella Lehiaketa

35 behargin ari dira egunotan Aixerrotako landa garbitzen

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 26a, 12:29

Domekan, hilaren 24an, Itxas Argia Taldeak antolatutako Nazioarteko Paella Lehiaketa arrakastatsuaren ondoren, ingurua garbitzeari ekin diote udal-garbitzaileek. Gainera, atzo, astelehenean, Itxas Argiak berak gune ofiziala garbitzen lagundu zuen, eta gune ez-ofizialean ere hainbat kuadrilla aritu ziren ingurua txukuntzen.

Atzo, astelehenean, eremu ofiziala eta inguruko eremu guztiak garbitu zituzten. 15 bat langilek egin zituzten lanok, eta eremu ez-ofizialean ere hasi zituzten lanak, eremu ofizialetik gertuen dagoen zatitik pinudirantz, eta beheko aldetik eremu ofizialerantz, 20 langilegaz.

Langileek kolore desberdinetako poltsak erabiltzen ari dira frakzio bakoitzerako (ontziak, gainerakoa eta papera) eta beirarako kuboak, eta, pilatu ondoren, kamioian erretiratuko dituzte.

Gaur, martitzenean, eta eguaztenean, hilak 27, eremu ez-ofiziala garbitzen jarraituko dute metodologia beragaz, baina bihar garbiketa egin den lekuetan etxolak eraisten hasiko dira. Eguenean, hilaren 28an, garbiketa amaitu eta etxolak botatzen jarraituko dute, eta barikuan, berriz, etxolak bota eta materiala kentzen hasiko dira.

Kuadrillak ere, garbitzen laguntzen

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, hainbat kuadrilla bertaratu ziren Aixerrotako landara atzo goizean bertan, eta haien artean mobilizatu ziren sortutako hondakinak kentzen eta eraikitako etxolak garbitzen laguntzeko. Horren harira, Udaleko Ingurumeneko Hiri Zerbitzuen alorretik adierazi dutenez, “lehen aldiz hain modu esanguratsuan izan den jarduera horrek asko esaten du etorkizunari begira, eta gainera,  jaiez modu arduratsuan gozatzeko esloganari era eredugarrian ematen dio erantzuna, baita ingurumenari dagokionez ere”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun