Bart atzemandako "ziztadak" salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Algortan

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 30a, 10:34
Algortako erdigunea, jaietan.

Bart, hainbat "ziztada" kasuren berri izan zuen Algortako Mugimendu Feministak. Hala, eraso horiek salatzeko asmoz, elkarretaratzea deitu dute gaurko, arrastiko 18:00etarako, Algortako Telletxe plazan.

Bart, gauerdirako gutxienez hiru emakumek Tellagorri plazaren inguruetan ziztadak nabaritu izanagatik jai-gunearen erdigunean kokatuta dagoen Ambulancias Gipuzkoaren osasun-zerbitzura joan behar izan zuten, sastadak eta zorabioak nabaritu zituztela-eta, Mugimendu Feministak HIRUKAri jakinarazi diotenez.

Gauak aurrera joan ahala, beste kasu baten berri izan zuten Telletxeko txosna-gunean; kasu horretan, gizonezko batek jaso zuen ziztada.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak HIRUKAri baieztatu dionez, Ertzaintzak ez du gertakizun horiekaz lotutako salaketarik jaso; Getxoko Udaltzaingoak ezta ere. Ildo horretan, Getxoko Udalak, ohar baten bidez, adierazi du ez duela “ziurtasunik” sumisio kimiko kasuren bat egon den esateko. Izan ere, zabaldu duenez, Udaltzaingoak ustezko eraso baten berri izan zuen eta, ziztada bat jaso izanagatik poliziak deitu zituen emakumea artatu ondoren, udaltzainek “ziurtatu ahal izan zuten ez zuela sastadaren zantzurik”.

Hala eta guztiz ere, horren guztiaren aurrean, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aktibatu eta Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du zapatu honetarako. Arrastiko 18:00etan jarri dute hitzordua, Telletxe plazan.

Zer egin sumisio edo ziztada kimikoaren biktima izatekotan
  • Ziztada nabarituz gero, inguruko lagunak abisatu eta horren berri eman Ertzaintzari edo Udaltzaingoari.
  • Ez geratu bakarrik, inoiz.
  • Ospitalera edo osasun zentro batera joan zaitez artatua izateko eta, odol-analisien bidez, balizko droga identifikatu ahal izateko.
  • Erasoaren salaketa aurkeztu ertzain-etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun