Getxoko HAPO berria egiteko prozesuan beste aurrerapauso bat eman du Udalak

Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 18:42

Getxoko udal-gobernuak Hiri Antolamendu Orokorrerako Planaren behin betiko dokumentua eman die oposizioko taldeei hori aztertu dezaten. Udal-iturriek adierazi dutenez, horregaz, irailaren amaieran HAPO berriaren hasierako onarpena egitea aurreikusi dute.

Oposizioko taldeen (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) eskuetara heldu da gaur, abuztuak 1, otsaila eta maiatza bitartean Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), gainontzeko egindako entzuketa-prozesuaren ekarpenak jasotzen dituen dokumentua. Horregaz, Udalak beste aurrerapauso bat eman du hamarkada bat baino gehiagoko atzerapena duen udalerriko HAPO berria izapidetzeko.

Zentzu horretan, hurrengo hitzordua irailaren 7an izango da, egun horretan alderdi politikoak eta talde erredaktoreak bilera egitea aurreikusi baitute, gaur entregatutako dokumentuaren inguruko iradokizun eta berritasun nagusiak zehatz-mehatz aztertu eta azaltzeko.

Udal-gobernuak proposatutako egutegiaren arabera, astebete beranduago, irailak 14, Lurraldeko Ezohiko Batzordea ere batuko da, ostean, aipatutako dokumentua osoko bilkurara eramateko balioko diena, hain zuzen ere. Era berean, batzorde horrek planaren komunikazio-, sozializazio- eta alegazio-prozesuak ere abiatuko ditu, interesa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek parte hartu ahal dezaten.

Aurreikusitaren arabera, hasierako planaren onarpena irailean egitea aurreikusi du gobernu-taldeak, eta horregaz batera, hasiera emango diote Getxoko bizilagunei zuzendutako alegazio prozesuari.

Udal-iturriek azaldu dutenez, aurreko HAPOaren aldean, egitasmoak hiri iraunkor, seguru, erresiliente eta inklusiboa sortzeko helburua izango du. Zentzu horretan, Getxoren hedapena daborduko eraikita dauden bizitegi-eremuak ahalik eta hobekien aprobetxatzean datza, auzoak elkar kohesionatzeko eta ingurumena babesteko, besteak beste. 

3.239 etxebizitza berri

Hiriarenm hedapen nagusia Andra Marin izango da, Ibarbengoa inguruan, hain zuzen. Lehen fase batean, Tosu, Muru eta Peña Santa Marina inguruan egingo dituzte etxebizitzak, eta, horien % 75 burututa dagoenean, Dendariena eta Diliz Goikoan hasiko dute bigarren fasea. Guztira, 3.239 etxebizitza berri aurreikusi dituzte hurrengo urteetarako.

Horretaz gain, Salsidun hainbat etxebizitza eraitsiko dituzte, uholdeen eraginpean dagoen zonalde hori libratu eta Gobela ibaiarentzako eremu berdea hedatzeko. Kaltetuak Zubilletara eramango dituzte, bertan 671 etxebizitza berri egingo baitituzte, horietako 397 libreak.

Sarrikobason ere hainbat etxebizitza eraitsiko dituzte, Algortako erdialdeko zonalde horretan egoera txarrean dauden eraikinak kendu eta ingurua hobetzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun