Matxismoaren ziztadak eta udalaren adarkadak

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2022ko abu. 24a, 11:12

Urte asko daramagu feminismotik Getxon udalarekin “konektatu” guran. Ez erakundea gogoko dugulako, aitortuko dut, baizik eta, nik behintzat, uste dudalako udalerriak zelan funtzionatzen duen ezagutuz hobeto asmatuko dugula zelan eta zertan erabili gure indarra.

Mesfidantzaz hartu gaituzte beti, eta askotariko erasoak jasan behar izan ditugu erakunde-guneetan. Bilgune Feministaren izenean joan arren, ezker abertzalearekin lotu eta horrela irakurri gaituzte, hasiera-hasieratik, inolako aukerarik eman gabe. Garesti ordaintzen da feminista, euskalduna eta abertzalea izatea herri honetan.

Hala ere, hor gaude oraindik. Parte hartu dugu maila pertsonalean zein talde modura deitu zaigun dinamika eta ekimen ugaritan. Sinesten dugu emakumeen jabekuntza-eskoletan, sinesten dugu elkarlanean eta aliantzetan, sareetan, eta politika egiteko eta gobernatzeko bestelako eredu batzuetan.

Azken urtean Emakumeen Etxearen prozesuan ere parte hartu dut, aspaldiko eskakizuna gauza litekeela sinetsita. Gainera, emakume askori eskatu diet parte hartzeko, Getxoko dibertsitatea biltzeko ahalegin handia egin dugu, bestela zentzurik ez zuelakoan. Bihotzez eskertzen diet kasu egin eta gogoeta-saioetara etorri diren lagun eta ezagunei, baita talde motorrean jarraitzen dutenei ere. Badakit astun samar jartzen naizela zerbaitetan sinesten dudanean. Kostatzen zait horrelakoetan amore ematea, saiatu gabe uko egitea, probatu gabe baztertzea. Buruko min bat baino gehiago ekarri dit horrelakoa izateak, baina tira, ikasiko omen dut halako batean. Barkatuko didazue emakumeen etxe hori ere azkenean zakurraren putz bihurtzen bada. Udalak ez digu erraz jarriko espazio aske bat eraikitzea. Onena espero eta txarrenerako prestatu, hori da gakoa.

Zergatik ari naizen hau guztia idazten orain? Portu Zaharrean feminista biren aurka eraiki den zentzugabeko salaketa horren azpian, besteak beste, aipatutako mesfidantza eta gorroto horiek ere sentitu ditudalako. Irratian entzun nuen, egun batzuk lehenago, ertzainek matxisten ziztadak gorroto-delitu gisa jasoko zituztela beren txostenetan. Eta hara non, iruditzen zait gorrotoak, norkeriak eta botere-goseak piztu dutela Udalak eta erakundeek, jai-batzorde zein hedabide batzuen babesarekin, gure kideei adarka eta gupidagabe egindako erasoa.

Zelan eta zertarako nahi dituzte herritarrak aktibatu, zertarako hainbeste berdintasun-plan eta hainbeste berriketa hutsal, baldin eta, azkenean, poliziaren eta indarkeriaren etengabeko loraldian biziko bagara? Zelan eta zertarako bilatzen dituzte herritar eginkorrak, sortzen diren mugimenduak eta proiektuak gogoko ez dituztenean, jendearen eskuzabaltasunak eta militantziak, borroka-grinak gainditzen dituenean, feministak, gazteak, nagusiak izango bagara pagaburu?

Bide batez, besarkada bat eta gure babes guztia Itzubaltzetako Nagusien Etxearen alde urtetan eta azken aldian gau eta egun ari diren gure herrikideei.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun