ELAren kontrako jaialdia egingo dute irailaren 9an eta 10ean Algortako Portu Zaharrean

Erredakzioa 2022ko abu. 30a, 12:59
© DALECANDELA

Irailaren 9 eta 10ean, Algortako Portu Zaharra agertoki solidario bihurtuko da DalecandELAren jaialdiari esker. Bertan, The Soundtrack diskoa grabatu zuten 20 musika taldeek parte hartuko dute, ELA gaixotasunaren kontra. Gainera, jaialdiak hainbat ekimen artistiko eta kirol ekintza hartuko ditu, hala nola BBK zeharkaldia; horiekaz, ELA ikertzeko eta gaitz horrek jotako gaixotasunen aldeko dirua bildu gura dute.

ELAren aurkako lehen jaialdi solidario handia egingo dute Algortako Portu Zaharrean, irailaren 9an eta 10ean. Antolatzaileek iragarri dutenez, horren helburua da gaixotasun horri ikusgarritasuna ematea eta, aldi berean, ikerketarako dirua biltzea, ELAko gaixoei sendabidea eta babesa emateko.

Hala, hurrengo aste-akabuan, The Soundtrack izeneko diskoan –ELAren aurka helburu solidarioakaz grabatutako abesti-bilduma– parte hartu zuten 20 musika-taldeak taula gainera igoko dira jaialdi honetan, DalecandELA elkartearen eskumenez.

2019an jaio zenetik, elkarteak helburu hauek landu ditu: gaixotasun horri gizartearen, gobernuen eta erakundeen aurrean ikusgarritasuna ematea, ikertzeko dirua biltzea, ELAk eragindakoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea eta bizitzako garrantzitsuena bidea dela transmititzea, "pozez, baikortasunez eta gainditzeko espirituz gozatzen jakitea".

Horretarako, hainbat ekimen eta ekitaldi egiten ditu DalecandELAk, hala nola erakusketak, kirol-erronkak, bidaiak eta Getxoko musika-taldeakaz grabatutako diskoa.

Hala, McEnroe, Smile, Inquilino Comunista, The Fakeband, Still River, Last Fair Deal, Santi Guzmán, Nebraska eta Los Retros bezalako Getxoko talde enblematikoenak taula gainean batuko dira berriro.

Jaialdi bat baino gehiago

Gainera, hasieratik elkarte horri lotuta egon den arteak leku garrantzitsua izango du jaialdi honetan. Horrela, "Artogether" egingo dute, eta jaialdiko parte-hartzaile guztiak gonbidatuko ditu begiakaz soilik margotzera, "ELAk eragindako pertsonen errealitatea ulertzeko". Erronka, kolektiboa izateaz gain, azpimarratzekoa da trazuak irisaren mugimenduagaz egingo direla, "eye-tracking" teknologiaren bitartez. Bertaratuko  direnak ere esperientzia horretaz baliatu ahal izango dira begiakaz kafe bat eskatzeko eta ELAren ikerketan laguntzeko kafe bakoitzaren diru-bilketagaz.

Horrez gainera, norberak bere txapak diseinatu ahal izango ditu beste gune batean, mezu eta marrazki originalakaz.

Arduradunek diotenez, kirola ere funtsezkoa da gaixotasun horren kontrako DalecandELAren borrokan, eta, zalantzarik gabe, aste-akabu horretan ere kirola protagonista izango da; rokodromoa, yogako goizeko saioa eta Abrako uretan igerian egindako zeharkaldia egongo dira.

Azken hori BBK-k bultzatu du Getxo Kirolak eta Ur Irekiak elkarteakaz elkarlanean, eta 4,5 kilometro egingo ditu igerian Ereagako eta Portu Zaharreko uretan. Erronka horretara interesdun guztiek eman ahal izango dute izena, DalecandELA webgunearen bitartez.

Gainera, elkarteak erresistentzia handiko lau bizikleta estatiko jarriko ditu jaialdiaren esparruan, ELAk mugikortasunerako duen zailtasunaren inguruan sentsibilizatzeko, eta erronka bat: guztion artean 2.500 kilometrora iristea; horregaz, BBK-k 5.000 euro emango ditu ELAren aurka borrokatzeko. Kirol-jarduera horiek guztiak izango dira nagusi zapatuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun