Mantxako Kanala igerian zeharkatzea jomuga bat da itsaso zabalean igeriketan aritzen direnentzako, baita Ur Irekiak Galea Taldeko kide askoren ametsa ere. Talde horretan aritzen da Eduardo Porset Llantada algortarra, eta balentria hori betetzea lortu zuen joan den abuztuaren 25ean. Dioenez, taldekide batzuek apuntatu zuten berari ezer esan gabe; izan ere, iaz ere erronka hori egiten saiatu zen, baina itsasoaren baldintza txarrek lehorrean geratzera behartu zuten. Aurten, kontatu du itsasoaren baldintzak ere ez zirela onenak izan, hala ere, urteko azken aukera izango zela jakinda, uretara botatzea erabaki eta Dover eta Callais arteko tartea egin zuen.
Lerro zuzenean 35 kilometro daude Ingalaterra eta Frantziaren arteko tarterik laburrenean, hala ere, Porsetek 43 kilometro egin zituen guztira. "Mareen korrontearen ondorioz "S" baten modukoa egiten da zeharkaldian; hasieran, marea igotzen ari denez, ekialderantz eramaten zaitu, baina bajatzen hasten denean, norabidea aldatzen du eta mendebalderantz bultzatzen zaitu", azaldu du igerilariak. Guztira, 10 ordu eta 43 minutu behar izan zituen kanal osoa zeharkatzeko.
Hain distantzia luzea osatzea gogorra egin zitzaion, baina bere ardura nagusia hotza izan zela azaldu du: "Hotza nahiko txarto daramat eta kanaleko ura 17-18 gradu zentigradutan dago abuztuan, gainera, antolatzaileek zeharkaldia bainujantzian egitera behartzen zaituzte; baldintzetako bat da". Horretaz gain, ezustekorik ez gertatzeko Porsetek itsasontzi baten laguntza izan zuen une oro, Mantxako kanala trafiko handiko itsas-tartea baita. Horretatik ura eta jatekoa eman ahal zioten, baina proba behar bezala betetzeko, algortarrak ezin zuen hori ukitu.
Astean 35 kilometro igerian
Horren aurretik, itsaso zabaleko beste proba batzuk egin dituela dio algortarrak, tartean, 27 kilometroko Manhattaneko itzulia, baina hain distantzia luzea egiten duen lehen aldia dela dio. Izan ere, Channel Swimming Association-ek antolatzen duen probaren azken kilometroak oso gogorrak egin zitzaizkiola gogoratu du: "10 kilometro faltatzen zitzaizkidanean leher eginda nengoen eta izugarri nekatuta amaitu nuen, baina esperientzia izugarria izan zen".
Mota horretako proba bat prestatzeko, Ur Irekiak Galea Taldeko kideek itsasoko zeharkaldiak egiten dituzte eskualdeko kostaldetik, eta Porseten arabera astean 35 kilometro inguru egiten dituzte igerian. "Neguan ura oso hotz dagoenez, igerilekuan egoten gara, baina apirilean itsasora ateratzen gara, askoz ere atseginagoa baita ur zabalean igerian egitea", nabarmendu du.