Bileran, abuztuan oposizioko taldeei eman zitzaien HAPOren behin betiko dokumentua azaldu zuten udal-arduradunek (EAJ eta PSE-EE). Dokumentu horretan, otsaila eta maiatza bitartean talde politikoakaz eta udal-teknikariakaz egindako entzuketa-prozesuaren ekarpenak jasotzen dira, plan horren garapenaren ezaugarri izan den gardentasun-konpromisoa betez, udal-iturriek azaldu dutenez.
Gogoratu dutenez, joan den abenduaren 20an gobernu-taldeak horretarako kontratatutako Erredakzio-Taldeak egindako planeamendu-proiektuari buruzko dokumentazioa eman zien udal-talde politikoei, eta, horrela, bi hilabete baino gehiagoko epea ireki zuten, dokumentazio hori aztertu eta ekarpenak egin ahal izateko.
Udal-zerbitzu tekniko eta juridikoen azken ekarpenakaz, atzo aurkeztutako dokumentua datorren eguaztenean, irailaren 14an, egingo duten Lurraldeko Ezohiko Informazio Batzordean bozkatuko dute. Batzorde horren gai-zerrenda, alde batetik, batzordearen beraren irizpenaren hasierako onarpenak markatuko du, eta, bestetik, planaren komunikazio- eta sozializazio-prozesu osoaren azalpenak eta alegazio-prozesuak; alegazio-prozesu horretan interesa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek parte hartu ahal izango dute beren proposamenakaz.
Udal-gobernuak espero du hasierako onarpena irailaren amaieran egitea, eta hasiera emango dio aipatutako alegazio-prozesuari, Getxoko hiritarrei zuzendua.