Europako Parlamentura euren aldarrikapenak eramateko karabana egingo dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoek urriaren 1ean. Irundik abiatuta, Bruselan, herrialdeen arteko mugetan giza-eskubideen nazioarteko zuzenbidea bete dadila eta Europan bizi eta lan egiten duten migratzaileen erregularizazioa eskatuko dute.
Urriaren 1ean egingo dute protesta-ekintza nagusia, Eskubideak lelopean. Bruselako Luxenburgo plazan izango da arratsaldeko hiruretan. Europako eta migratzaileen jatorrizko herrialdeetako 130 erakundek baino gehiagok babesten dute Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugak Zabalduz Karabana eta Aita Mari Proiektua bezalako erakundeek sustatutako ekimen hori.
📢 Beste urte batez, itsasoan hiltzen diren milaka pertsona migratzaileak oroitzeko "Itsasoak dakarkiguna" ekimena egin du @oeebizkaia|k gaur #Algorta|ko Ereaga hondartzan.
— Hiruka (@HirukaEus) September 11, 2022
‼️ Diotenez, 2014tik 28.000 pertsona hil dira itsasoa gurutzatu guran. https://t.co/eLzvi6vBYv
Urriko aste-akabu horretan, Bruselan, ordezkaritza bat europarlamentari talde batekin bilduko da, migratzaileen aldeko ekintzaileen aldarrikapenak helarazteko. Antolatzaileen arabera, “Europako mugek hil egiten dute, eta hori Europar Batasunak eta Europako gobernuek gauzatzen dituzten migrazio-politika hiltzaileen ondorioa da”.
Europako erakundeei giza eskubideak bermatuko dituzten neurri zehatzak eskatzeaz gain, besteak beste, askatasunez eta modu seguruan zirkulatzeko eskubidea, eta neurriek genero-ikuspegia barneratzea, pertsonak migratzera behartzen dituzten arrazoiak salatuko dituzte, “hala nola enpresa transnazionalen jarduera estrakzionistak eta neokolonialak eta armen merkataritza”.