Goizeko 11:00etan Villaondoetako plazan elkartuko dira Hitzaren Dantza euskal jai koloretsuari hasiera emateko. Bertan, Altxa taldeko txalaparta-joleek zabalduko dute bidea, eta, kalez kale eta bertsoz bertso, kantuan eta dantzan jarriko dituzte algortarrak. Txilibita fanfarrea eta San Nikolas ikastolako pandero-taldea arduratuko dira musika doinua jartzeaz, eta, iragarri dutenez, geldiune bakoitzean herrialde bateko kantak eta dantzak egingo dituzte. Hauexek izango dira ibilbidea markatuko dituzten gune nagusiak, baita erreferentziazko ordutegia ere:
- 11:00 Villaondoeta (Arabako kantak eta dantzak).
- 11:30 Villamonte (Zuberoako kantak eta dantzak).
- 12:00 Alangobarri (Nafarroa garaiko kantak eta dantzak).
- 12:30 Satistegi (Lapurdiko kantak eta dantzak).
- 13:00 Tellagorri (Gipuzkoako kantak eta dantzak).
- 13:30 Portu Zaharra (Bizkaiko kantak eta dantzak).
- 14:00 Telletxe (Nafarroa Behereko kantak eta dantzak).
Gune guztietan bertsoak, kantak eta dantzak egongo dira, eta ikusleek ere parte hartu dezaten esku-orriak banatuko dituzte tokian-tokian kantatuko dituzten abestien hitzakaz. Horretaz gain, ALBEko antolatzaileek hainbat sorpresa egongo direla ere iragarri dute.
Kalejira amaitzean, 15:00etan, San Nikolas plazan elkartuko dira pilotalekuan herri-bazkaria egiteko. Horretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da ALBEko telefonora deituz (605 704 385) edo email bat bidaliz (albegetxo@gmail.com). Bazkariaren prezioa 15 eurokoa izango da eta izena emateko epea irailaren 14an bukatuko da.
Bazkalostean bertso-saioa egingo dute Oihana Iguaran, Jon Maia eta Peio Lagoren eskutik. Ondoren, bertaratzen diren guztiek elkarregaz abestu dezaten kanta-saioa egingo dute. Eguna ederto amaitzeko, Luhartz taldearen erromeria egongo da 18:00etatik aurrera.
Parte hartzeko bi modu
Parte hartzeko bi era egongo direla iragarri dute ALBEko antolatzaileek: alde batetik, talde moduan, dantza-taldeak, kantu-taldeak, musika-taldeak... parte hartzera deitu dituzte, baina aldez aurretik antolatzaileakaz harremanetan jartzeko eskaera egin dute. Bestalde, banaka parte hartu gura duten guztiak kalejirara joatera animatu dituzte, bai kantuan bai dantza egitera.
Era berean, dei egin diete parte hartu gura dutenei "euskararen chip-a" jarrita eramatea, "kulturaren adierazpen aniztun eta koloretsu hau benetan 'Euskal izan dadin".
IRAILAREN 18AN IZANGO DA #HitzarenDantza!
— ALBE (@albertsolari) September 6, 2022
11:00 Algortatik kalejira
15:00 bertso bazkaria San Nikolas plazan, 15€. Oihana Iguaran, Jon Maia eta Peio Lago bertsotan
18:00 erromeria Luhartz taldearekinhttps://t.co/c1ttCW5wrA#bertsolaritza @HirukaEus @bizkaie @BBertsozale pic.twitter.com/nqhcfSdM9V