Getxoko Lurraldeko Batzordeak HAPO berriaren behin betiko dokumentua onartu du, oposizio guztiak kontra egin arren

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 12:52

HAPO berriaren planoa. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaleko Lurraldeko ezohiko Informazio Batzordeak onartu egin du gaur, eguaztenean, gobernu-taldeak proposatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO), oposizio osoaren kontrako botoakaz; izan ere, EAJk eta PSE-EEk bakarrik egin dute dokumentuaren alde. Orain, osoko bilkurara eramango dute, irailaren 30ean onar dezaten.

Getxoko HAPO berria izapidetzeko pauso berri bat eman du gaur. Izan ere, Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) orain astebete talde politikoei emandako azalpenen ondoren, udal-taldeen eta -teknikoen ekarpenak jaso eta Lurraldeko ezohiko Informazio Batzordeak onartu egin du dokumentua, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoakaz; PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeak kontra agertu dira.

Udal-iturriek azaldu dutenez, batzorde horren gai-zerrenda, alde batetik, batzordearen beraren irizpenaren hasierako onespenak markatu du, eta, bestetik, planaren komunikazio- eta sozializazio-prozesu osoaren eta alegazio-prozesuaren inguruko azalpenak eman dira; prozesu horretan interesa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek parte hartu ahal izango dute beren proposamenakaz.

Ildo horretan, EH Bilduk agerraldi publikoa egin zuen astelehenean HAPOa bera salatzeko, "eraikuntza masiboa, espekulazioa eta lo egiteko herriaren eredua bultzatuko duelako". Izan ere, koalizioaren arabera, planak "porlanaren aldeko eredu zaharkituaren alde egiten jarraitzen du, espekulazioa bultzatzen du eta ez ditu auzoak eta udalerria biziberritzen".

Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, deitoratu du bozkatutako dokumentuak ez dituela bere proposamenak jaso: "Koalizioak 30 proposamen baino gehiago aurkeztu zituen dokumentuan sartzeko, eta horietako bat ere ez da jaso aurkeztutako bertsioan. Etxebizitza lehenestera, mugikortasun jasangarria bultzatzera, naturguneak babestera eta auzo guztietan bizitzarako beharrezkoak diren ekipamendu publiko eta sozialak eta jarduera ekonomikokoak sustatzera bideratzen zuten plan hori".

Hurrengo urratsa oso garrantzitsua izango da udal-gobernuarentzat, dokumentua Getxoko Udalaren osoko bilkurara eramango baitute irailaren 30ean. Bilkura horretan, gobernu-taldeak hasierako onarpenak aurrera egitea aurreikusten du, eta, hala, dokumentua jendaurrean jartzeko eta Getxoko herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko prozesuei hasiera emango litzaieke. Udalbatza horretan, baina, oposizioak hainbat zuzenketa proposatuko ditu.

"Egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzekoa"

Plan berri horren helburua da Getxo "hiri kohesionatua izatea hiriaren eta gizartearen ikuspegitik, auzo guztiak hiri erakargarri baten protagonista sentitzea, aurrera egitea eta etorkizunerako proiektuak egitea", Udalak azaldu duenez; "Getxo jasangarria, segurua, erresilientea, trinkoa eta inklusiboa, guztiontzako hiria, giza eskala galduko ez duena eta genero-ikuspegia txertatuko duena". Ildo horretan, jasangarritasun Integratuan oinarritutako hiri-eredu berria definitzen duen HAPO izango dela ziurtatu dute udal-arduradunek, "Getxok orain eta hurrengo belaunaldientzat dituen beharrak asetzeko".

Ildo horretan, plan berrian planteatzen den hiri-eredua lehentasunezko 4 ardatzen bat-egitearen emaitza da: ardatza soziala, ingurumen-ardatza, ardatz ekonomikoa eta ardatz fisikoa. "Plan berritzaile eta handinahia, aurrekaririk gabeko eraldaketa ekarriko duena. Giza Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren etorkizunerako proposamen bat da", Udalak zabaldu duenez.

HAPO berriaren alderdi nagusiei dagokienez, lau ideia nabarmendu dituzte arduradunek:

  • Azkorri Getxoko aktibo natural gisa babesteko apustua: egungo planak (2001ekoa) dentsitate txikian planteatutako etxebizitzak aurreikusten ditu, Sopela eta Berangoraino (planoko eremu gorria). Hala ere, HAPO berriak lurzoruaren % 70-80 bitartean babestea aurreikusten du, eta etxebizitza berriak bloketan biltzea, parke, ekipamendu eta hurbileko zerbitzu berriak sortuz, Ibarbengoako eremua osatuz.
  • 601 etxebizitza berri eraikiko dira, gazteenen etxebizitza-premiei aurre egiteko, biztanleria mantentzeko eta berreskuratzeko helburuagaz:
    • 89 babestutakoak.
    • 512 libreak.
  • Etxebizitza babestuen estandarrak bete: ateratzen den etxebizitza kopuru zehatzari dagokionez, modu globalean betetzen da, aise jarduketa integratuei (481 etxebizitza babestu, 1.160 etxebizitza guztira, hau da, % 40 baino gehiago) eta sektoreei dagokienez (2.608 etxebizitza babestu, 3.239 etxebizitza guztira, hau da, % 80 baino gehiago), eta modu konpentsatuan edo orekatuan, berriz, jarduketen kasuan (zuzkidura-jarduketak).
  • Parke, ekipamendu eta hurbileko zerbitzu berriak sortzea:
    • 600 metro koadroko eremu libreak aurreikusten dira. Tartean, 41.208 metro koadroko parke handi bat sortuko dute Murun.
    • Ekipamendu generikoetarako azalera berria Tosun, 7.700 metro koadrokoa; eta Martiturrin, 6.278 metro koadrokoa.
    • Zuzkidura-bizitokietarako lurzatiak gordeko dira honako leku hauetan:
      • Zubilletan 2.185 metro koadro.
      • Peña Santa Marinan 3.729 metro koadro eta de 3.982 metro koadro.
      • Dilizgoikoan 500 metro koadro.
  • Jarduera ekonomikoa bultzatzea, lo-hiri eredua saihestuz eta, bizitzeaz eta gozatzeaz gain, Getxon lan egin ahal izatea ahalbidetuz. Horretarako, planak honako hau proposatzen du:
    • 14 hektareako lurzoru urbanizagarriko sektore bat abian jartzea, Martiturriko jarduera ekonomiko estrategikoetarako.
    • Hurbileko ehun ekonomikoa bultzatzea, hiria biziberritzeko erabileren nahasketa erraztuz

Lau apustu horiez gain, iturriek nabarmendu dute HAPO berriak "eragin positiboa" izango duela Andra Mari auzoan, "babestu eta arautu egingo baita, etxebizitzek eta baserriek lege-babesa izan dezaten, eraikinak eta lehendik dagoen ingurune naturala zaintzen eta birgaitzen laguntzeko".

Ibarbengoatik, Murutik eta Galeatik hurbilen dagoen Andra Mariko eremua arestian aipatutako etxebizitza, parke eta ekipamendu berriek osatuko dute. Gainerako auzoetan, Areetan, Erromon, Algortan, Negurin eta Aiboan, besteak beste, planak 23 jarduketa zehatz aurreikusten ditu, gehienak bizitegikoak, gutxi gorabehera 200 etxebizitza gehiago izango direnak eta espazio publikoa edo ekipamenduak hobetzea dakartenak.

Herritarren parte hartzeko zazpi jarduera, urriaren 15etik abenduaren 15era

Sozializazio-planari dagokionez, udal-gobernuak herritarren partaidetza sustatzeko ekintzen kronograma bat diseinatu du, urriaren 15etik abenduaren 15era garatuko dena. Ekintza-multzo horretan, honako hauek nabarmendu dituzte:

  1. Hitzaldi publikoak edo azalpen-saioak: lau saio presentzial izango dira guztira, bat Muxikebarrin (urriaren 20an) eta beste hiru Itzubaltzeta/Romon (azaroaren 3an), Andra Marin (azaroaren 10ean) eta Algortan (azaroaren 17an, Faduran).
  2. Itzubaltzeta/Romo, Andra Mari eta Faduran hiru erakusketa antolatuko dira (urriaren 15etik abenduaren 15era bitartean)
  3. Parte-hartze digitala: hapo-getxo.eus webgunea une oro eguneratuko da (askotariko dokumentazioagaz, albisteak, etab.)
  4. Herritarrei arreta emango zaie: banakako bilerak egingo dira erredakzio-taldeagaz (aldez aurretik hitzordua eskatuta)
  5. Saioak ikastetxeetan: ikastetxe guztiak gonbidatuko dira eta eskatzen duten guztietan egingo dira saioak, 10 saio gehienez ere.
  6. Hiru saio Udal Plangintzako Aholku Kontseiluagaz/Batzordeagaz: gaurkoa (lehenengoa) prozesua azaltzeko, bigarrena parte-hartzearen hasieran eta bestea amaieran, emaitzak azaltzeko.
  7. Dibulgazio-material desberdina erabiliko da: liburuxkak, panelak erakusketetan, aurkezpenak hitzaldietan, Getxoberri, sare sozialak, kartelak, etab.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun