Getxoko bonbardaketaren 85. urteurrenaren erakusketa abiatu dute Begoñako Galerietan

Ander Zarraga 2022ko ira. 15a, 18:30

Gaurtik, irailak 15, urriaren 2ra bitartean, Gerra Zibilari buruzko erakusketa abiatu dute Begoñako Galerietan. Aurten, 85 urte bete dira Getxo bonbardatu zenetik, eta gertatutakoa gogoratzeko material grafikoa, mapak, dokumentazioa eta hainbat material batu dituzte.

Erakusketaren aurkezpena egin du Amaia Agirre Getxoko alkateak, azpimarratuz gertatutakoaren oroitzapena modu baikorrean egin gura izan dutela, "bizikidetza sendotzeko konpromisoa sendotze aldera". Beragaz batera, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro ere egon da. Gainera, sei urte zituela bonbardaketak eta guda bertatik bertara bizi izan zituen Emilia Basabe getxoztarrak garaiko bizipenak ere gogoratu ditu.

Urriaren 7a arte egongo den esposizioak ibilbide historikoa eskaintzen du gatazkan zehar Bizkaiko hainbat udalerrik pairatu zituzten bonbardaketen bizipen eta xehetasunakaz. Horretarako, Sabino Arana Fundaziotik, Liburutegi Digital Hispanotik, Burdin Hesiaren Museo-Memorialetik, bilduma partikularretatik eta udal-liburutegietako tokiko artxibotik ateratako argazkia zaharrak, garaiko kartelak, mapak eta soinu dokumentuak baliatu dituzte.

Ibilbide bisual bezala planteatu duten erakusketa 1936ko urriaren 21etaik 1937ko ekainaren 13ra jazotako gertaeretan dago oinarrituta. Garai horretan, matxinatutako indarren zerbitzura zeuden alemaniar eta italiar hegazkinek 14 aldiz bonbardatu baitzuten Getxo, arreta berezia jarriz Areetako Nazioarteko Gunean, bertan baitzeuden atzerriko kontsulatuak.

Horretan, Bizkaia Zubiaren suntsipena, Las Mercedeseko elizaren sutea eta Italiako tropen okupazioa ere jaso dituzte, beste gai batzuk alde batera utzi gabe, hala nola ospitale-sare baten sorrera, espioitzaren aurkako borroka eta biztanleriaren gerra garaiko bizitza.

Parte hartzeko jarduerak

Erakusketa astelehenetik domekara bisitatu ahal izango da, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etan (domeketan, 14:00ak arte soilik), eta herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat jardueragaz osatu dute. Horrela, irailaren 17, 18, 24 eta 25ean, Enriqueta Sesmero historia doktoreak eta Bizkaiko historiari buruzko hainbat argitalpenen egilea bisita gidatuak egingo ditu. Bisitak doakoak izango dira eta 22 lagunentzako tokia izango dute.

Horrez gain, hilaren 22an, mahai-inguru bat egingo dute Aitor Miñambres Burdin Hesiaren Museo-Memorialaren zuzendariak, Karla Llanos ikertzailea eta Getxoko Memoriak blogaren egileak eta Maria Peraita Begoña Punta Fundazioaren zuzendariak parte hartuko dute. Roberto Palacios Gogora Institutuko (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) teknikaria izango da horren moderatzailea. Solasaldiaren ondoren, bertako Itxartu Dantza Taldeak dantza eskainiko du, gerra eta gerraosteko urteetan bizi izan ziren emakumeen sufrimendua sinbolizatzen duen martxa motel baten antzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun