Nerea Baldak eta Chelo Sierrak irabazi dute Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketa

Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 11:22

Aurtengo irabazleak. © GETXOKO UDALA

Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketaren bosgarren edizioko sarien irabazleak ezagutzera eman zituzten joan den barikuan, irailak 16, Muxikebarri Antzokian. Aurten, Nerea Baldak irabazi du euskarazko lanen saria eta Chelo Sierrak gaztelaniazko testuen atalarena. Bestalde, Eunate Fernandez Ayo eta Amélie Farnier Uson getxoztar gazteen testuak saritu dituzte Txiki Baskardo haur kontakizunen lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.

Nerea Baldaren (Irurtzun, 1975) Azpimarrak eleberriak ohikoak diren gaiak jorratzen ditu gaurkotasuna emanda, hala nola amatasunaren aurkako zalantzak eta beste pertsona baten aitatasunaren aurkikuntzaren aurreko harridura, benetako lekuetan gaur egungo egoerak eta gertaerak kontatuz. Epaimahaiaren hitzetan, "xehetasun txikiei arreta berezia eskaini die egileak, publikoaren konplizitatea bilatuz, eta erotismoaren tratamendu aberatsa egiten du, gorputza ez ezik, zentzumen guztiak ere kontuan hartzen dituena".

Idazle nafarra Euskal Filologian lizentziaduna da eta Bigarren Hezkuntzako irakasle lana uztartzen du literaturagaz. Zenbait lanen egile, 2018an lehiaketa getxotarraren lehen edizioa ere irabazi zuen Atzerrian eleberriagaz, Pamiela argitaletxeak argitaratua. Era berean, 2018an Iruñeko Udalaren euskarazko XXVIII. Literatura Lehiaketaren lehenengo saria eskuratu zuen Narrazio Laburraren kategorian, Ahizpak izeneko testuagaz. Edizio berean poesiaren ataleko saria ere eskuratu zuen Patriketan gordeak poema-bildumagaz.

Bestalde, Chelo Sierra Lopezek (Madril, 1961) gaztelaniazko lanentzako saria irabazi du La mala intención eleberriagaz. Lan horrek genero beltz satirizatua eta kostunbrista nahasten ditu, eta artearen munduan barneratzen da, errealismo magikoagaz, umoreagaz eta ironiagaz jolasteko. Lan horri buruz, epaimahaiak "parodia-elementuekin, umore askorekin eta maltzurkeria dibertigarriarekin egindako eraikuntza eta generoaren muga klasikoak gainditzeko gaitasuna" nabarmendu ditu.

Idazle, publizista eta zenbait egunkaritan zutabegile, Caceresen bizi den Madrildar idazleak El efecto avispa (2019), Bonsáis (2019) eta Setenta y dos vírgenes (2020) eleberriak argitaratu ditu, baita hainbat kontakizun eta mikro-kontakizun liburu ere, esaterako, El síndrome de Peter Pan (2012), La teoría de Polch (2012), Desencuentos (2014) eta La mirada del Orangután (2017). Bere ibilbidean zehar sari asko lortu ditu literatura lehiaketetan, besteak beste, Narratibako Ana María Matute saria, Princesa Galiana (2014) eta Encina de Plata (2018) eleberri laburreko sariak eta Badajozeko Poesia Esperimentaleko lehiaketako bigarren saria (2015).

Bosgarren edizioa

Ramiro Pinilla lehiaketaren bosgarren ediziora 170 lan aurkeztu dira; horietatik, 10 euskaraz. Parte-hartzaileetako 26 EAEtik (sei getxoztarrak dira) eta Nafarroatik datoz, eta gainerakoak, ia Espainiako Estatuko geografia osotik. Matxalen Gaminde, Inazio Mujika eta Txani Rodriguez izan dira epaimahaikideak aurten, eta sari bakoitzak 6.000 euro eta 1.000 euroko laguntza izan ditu lanak argitaratzeko.

Txiki Baskardo lehiaketa

Txiki Baskardo haur kontakizunen lehiaketari dagokionez, Eunate Fernandez Ayo IES Caro Baroja ikastetxeko ikasleak euskarazko saria jaso du aurkikuntza arkeologikoei buruzko kontakizun bategaz. Bestalde, Aixerrota institutuko Amélie Farnier Usonek irabazi du gaztelaniazko lehiaketa, bi neskato ausart eta boteretsu protagonista dituen irudimenez beteriko ipuinari esker. Lehiaketaren aurtengo edizioan, honako ikastetxe hauetako DBHko 1. mailako ikasleek parte hartu dute: Azkorri, Europa, Julio Caro Baroja, Artaza-Romo, Aixerrota eta Santisima Trinidad.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun