Datorren urriaren 10era arte zabalik egongo da Argia Ereiten Euskara Sariaren XIII. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea. Getxoko Udalak antolatutako ekimenaren helburua da euskararen gizarte erabilera babestea, sustatzea edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak goraipatzea. “Herritarrak animatzen ditugu lanean, aisialdian, sare sozialetan, egunerokoan…, euskara sustatzen duten pertsona, taldea, elkartea, saltokia aurkeztera, herriaren esker onez jaso ahal izateko”, nabarmendu du Irantzu Uriartek, Euskara zinegotziak.
Aurreko sariak
Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. Saridunak Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Elkartean euskararen erabileraren alde egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena San Nikolas ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean euskarazko heziketan burututako lanagatik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena Gobela Ikastolarentzat, bere 50.urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki udalerrian duela 20 urte baino gehiago abian jarritako Berbalaguna aitortzeko. Zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagatik. Zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik; bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik; hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzaileari, klubaren barruan euskara sustatzeagatik; hamaikagarrena Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasi, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagatik; eta hamabigarrena, iaz, Joserra Onaindiari euskaraz bizitzeko jarrera nekaezinagatik.