Hezkuntzako gastu orokorretarako laguntzak eskatzeko epea irekiko dute barikuan Getxon

Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 14:25

Irailaren 23tik urriaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza gastu orokorretarako Udalak aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak. Aurten 150.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntza horietara.

Laguntzak 2022ko urtarrilaren 1etik gutxienez erroldatuta dauden herritarrek eta antzinatasun berean eskolatutako eta erroldatutako seme-alabak dituztenek eskatu ahal izango dituzte, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik (hiru urte) DBH mailara arte, azken hori ere barne.

Onuraduna izan ahal izateko, familia unitatearen 2021. urteko diru-sarrera guztiak ezin dira 53.200 euro baino gehiago izango. Gehieneko muga hori familia unitateko kide kopuruaren arabera haztatuko da. Gainera, seme-alaben eskolatze egokia bermatzeko, eta era berean irakasleek, ikastetxeetako organoek eta hezkuntza administrazioek egingo dizkieten eskakizunak beteko dituelako konpromisoa adierazi beharko da. Udalagaz eta Ogasunagaz dauden zerga betebeharrak familia-unitateko kide guztiak egunean izan behar dira, baita Gizarte Segurantzarekin daudenak ere.

Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Diazek laguntza horien garrantzia azpimarratu du, “familia askoren ekonomiarako laguntza suposatzen baitute. Udalak bermatu behar du Getxoko haur guztiek dutela kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera, inor atzean geratu gabe eta aukera-berdintasuna bermatuz. Baliabide ekonomikorik eza ez da oztopo izan behar hezkuntza bezain oinarrizko zerbitzu bat eskuratzeko orduan. Prestakuntzan inbertitzeak gure seme-alaben garapenean inbertitzea dakarrelako”.

Eskatutako dokumentazioa Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez, entregatu beharko da eta posible ez den kasuetan, Herritarren Arretarako Bulegoetan entregatu ahal izango da, aurretiko hitzordua eskatuta, 944 660 000 telefono zenbakian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun