Zentroak hainbat arlotakoak dira, horien artean, aholkularitza psikopedagogikoa, eskola laguntza, euskara, musika, pintura eta eskulanak, informatika, sukaldaritza, dantza, antzerkia eta zirkua. “Ekimen honekin esfortzua egiten dugu euskararen erabilera hezkuntza ez arautuan ere sustatzeko, ezinbestekoa iruditzen zaigulako aukera hori izatea”, adierazi du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.
Aipatutako zentroek kanpainan parte hartzeko Udalagaz sinatu duten hitzarmenaren arabera, konpromisoa hartu dute hizkuntza-paisaia, publizitatea eta gizarte sareak euskaraz ere jartzeko, webgunea euskaratzeko eta kanpainaren materiala erabiltzeko, besteak beste. Udalak zabaltzen lagunduko du, 100 kartel 2.000 postal eta zentro kolaboratzaileen kartel pertsonalizatuaren bidez. Horiekaz batera, udalerriko ikastetxeetan ekimenaren barri zabalduko da.