Gaurko aurkezpenean, Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko presidenteak adierazi du oso pozgarria dela ekimena aurrera eramaten jarraitzea, sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetako bat izan baita Euskadin zein kanpoan. Azokaren merkataritza-esparrua, Areetako Xake plazan egiten zena, lekualdatuko dute oraingo honetan, bertan egiten ari diren obrak direla eta. Horrela, 40 saltokiak bi lekutan banatuko dituzte: Santa Eugenia plazan eta Ibaiondo kalean.
Liburu-dendek, argitaletxeek, merchandising-establezimenduek eta fanzineek osatzen dute, besteak beste, publikoak azken nobedadeak eskuratu, serieak osatu eta antzinako komikiak eta bildumagileen aleak erosteko aukera izango duen postuen eskaintza. Horrez gain, komikiaren munduagaz zerikusia duten era guztietako artikuluak aurkituko ditu.
Bestalde, Romo Kultur Etxeak hainbat ekitaldi hartuko ditu: berrikuntzen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa. Horietako batzuek sektoreko enpresa garrantzitsuenetako batzuk izango dituzte, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, espero diren sinaduren txandetan parte hartuko dute. Bertan, zaleek beren artista gogokoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Sinadura-txandak Romoko Kultur Etxean eta salmenta postuetan izango dira.
Borja Crespo azokaren programazio-koordinatzaileak nabarmendu duenez, azokaren eskaintza egungo unera egokitzen eta artearen irakinaldia bistaratzen saiatzen da, komikiaren munduan dauden joera eta mugimendu ezberdinak islatzen dituzten egileak gonbidatuz. Aurtengo gonbidatuen artean, MAX, Ana Oncina, Emile Bravo, Genie Espinosa, Fernando de Felipe, Nuria Tamarit, Agustina Guerrero, Isaac Sanchez, Artur Laperla, Rober Garay, Jaime Martín, Jesus Alonso Iglesias, Susanna Martin eta Sara Morante bezalako sortzaileak nabarmendu dituzte antolatzaileek. Oraingo honetan, Maxek, Rober Garay idazle bizkaitarragaz batera, omenduko du azokak, komiki alternatiboaren barruan erreferentziazkoa.