Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaurko politika orokorrari buruzko osoko bilkuran egin duen hitzaldian hiru proiektu berri aurkeztu ditu: itsasadarraren azpiko tunelean metroaren Sestaoko eta Areetako geltokiak lotzea; Gernikako Guggenheim museoa garatzeko arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko ospe handiko nazioarteko taldea kontratatzea; eta beste zortzi egoitza elkarbizitza-unitate bihurtzea, horietako bat Leioan, 25 plaza eta ekipo espezializatuak izango dituena.
Itsasadarraren azpiko tunelaren berrikuntzari dagokionez, Rementeriak adierazi du eraikuntza-proiektua idazten ari direla, eta, horregaz batera, Bilboko metroaren bi linea nagusien konexioa egingo dutela: "Hasieran ibilgailuentzako tunela izango zena tunel intermodala izango da: tren batek metroaren 1. eta 2. lineak lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokien artean. ´People mover´ bat ibiliko da lurpeko 2.600 metroko tartean, eta 300 metro tunelaren tartean izango dira".
Proiektu horregaz, egunean 5.000 pertsona inguru leku batetik bestera mugituko direla aurreikusi du Ahaldun Nagusiak, eta horri esker ia 20 minutu aurreztuko dutela. Izan ere, azaldu duenez, gaur egun 25 minutu behar izaten dira Getxotik Sestaora joateko, eta proiektua amaitutakoan lau inguruko bidaia izango da.
Proiektuaren aldaketa horrek ez du eraginik izango aurreikusitako eraikitzeko erritmoagaz. Itsasadarraren azpiko tunela 2028an erabili ahal izango da, bai ibilgailuentzat, bai multimodal modura, baina horrek proiektua garestituko du: 185 milioi gehiago behar izango dira, hau da, guztira, 600 milioi euro inbertituko dira. "Albiste oso pozgarria da Bizkai osoarentzat. Guztiz beharrezkoa da: Bizkaiko saihesbide handia Supersur saihesbidearekin batera, Arrontegiko zubiaren alternatiba, egunero 155.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik eta. Batez beste, zubitik 51.000 ibilgailu pasatuko dira lanegunetan, 18.000 ibilgailu kenduko ditu Avanzadatik, 14.000 Max Centeren zuzenetik, eta 35.000 Arrontegiko zubitik", azpimarratu du Rementeriak.