Getxoko Gorrondatxe hondartza inguruan ibili direnek aztarnategi berezi bategaz egin dute topo egunotan hareatzaren erdian. Izan ere, aurreko maiatzean topatutako urperatutako txalupa txiki bat aztertzeko bigarren indusketa-lanak abiatu zituzten joan den barikuan. Beharron zuzendari Jose Manuel Mates Luque itsas arkeologoak HIRUKAri jakinarazi dionez, XX. mendearen erdialdeko ontzi bat da, baina karbono 14 datazio-probek ondorioztatu dute azpiegitura horren egurrak lehenagokoak direla.
Iragan maiatzean aurkitu zituzten lehenengo aztarnak, eta Ingurumen Saileko baimen guztiak eskuratuta, joan den astean metro bateko zuloa zabaldu zuten iraganeko ontzia hobeto aztertzeko. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso dituzte lanok aurrera eramateko, eta, orain, bildutako datu denak aztertu eta ondorioak ateratzeko beharretan hasiko dira arkeologoak.
