Zabalik dago Getxo Sormen Hub zentroan lan egiteko guneak eskatzeko epea

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 16:36

Urgull Zentroan lekutuko da gune berria.

Amaituta daude Algortako Getxo Sormen Hub kultura- eta sormen-sektoreko ekintzailetza-zentroa zabaltzear dago. Hala, gunea okupatzeko eskaera egiteko epea zabaldu du Udalak, azaroaren 30era arte. Urriaren 19an informazio-saioa egingo dute Getxo Elkartegian, eta azaroan ate irekiak egingo dituzte.

Getxo Sormen Hub zentroak 194 metro koadroko lokal bat hartuko du, 22 lan-gune izango ditu coworking formatuan, eta sektorea profesionalizatzeko ekintzak ere eskainiko ditu, hala nola aholkularitza, programak eta topaketak. Zentro berriaren xehetasunak urriaren 19an, eguaztenean, jakinaraziko dituzte, 12:00etan, Getxo Elkartegian egingo duten informazio-saioan. Jardunaldian parte hartzeko izen-emateak zabalik daude (getxosormenhub@getxo.eus helbidean edo 944 660 140 telefono zenbakian). Gainera, eremu bera hiru egunetan ezagutu ahal izango da azaroan egingo dituzten ate irekietan.

Udaleko Sustapen Ekonomikoko arloak bultzatuta, 2020an udalerriko sektore estrategikoei buruz egindako diagnostikoaren ondoren sortu zen. Diagnostiko horretan, udalerrian erregistratutako enpresen eta profesionalen %11 sektore horretan sartzen direla eta %95ek baino gehiagok langile bat edo bi dituela identifikatu zen.

Horrela, iaz Getxo Itsas Hub sortu zen bezala, orain topagune berri hau abiaraziko da, Legegintzaldiko Planaren proiektu estrategikoa, sormen- eta kultura-sektoreko enpresei zuzendua, udalerrian enplegua eta inbertsioa sortu, erakarri eta atxikitzeko. “Getxon eragin positiboa sortzeko aukera-espazioak eraikitzen joatea da helburua. Kulturaren eta sormenaren esparru horretan, proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen sare bat sortu behar dela ikusi dugu, eta, horrela, sektorea sendotzeko bidean aurrera egin”, azaldu du Iñigo Urkizak, saileko arduradun den zinegotziak, “Getxok mikroenpresen enpresa-sarea du gehienbat, eta horiei laguntzea da Udalaren lehentasunezko helburuetako bat, lan egiteko, lankidetzan aritzeko eta proiektuak sortzeko espazioak bultzatuz; hori guztia arrazoizko prezioan lehen urteetan” adierazita.

Zentroa

Ekintzailetza-zentro horrek 22 lanpostu hartzeko aukera emango du, bi eremu bereizitan: lanpostu finkoen eremua eta txandakako lanpostuen eremua. Okupazioa 75 euro + BEZkoa izango da hilean lanpostu finko bakoitzeko, eta 40 euro + BEZ, txandakako postuen eremuan. Kasu guztietan, bulego-guneak dira, coworking formatuan, proiektuak garatzeko eta eboluzionarazteko.

Ildo horretan, elektrizitate-, internet-, klimatizazio-, segurtasun-, mantentze- eta garbiketa-zerbitzuez gain, bilera-gela bat (sarbide librekoa, baina aldez aurretik erreserbatu beharrekoa) eta arraska, hozkailu eta erabilera komuneko mahai bat ditu guneak.

Baina Getxo Sormen Hub, eremu fisikoa izateaz gain, ekimenaren inguruan sektorea profesionalizatzeko ekintzak, aholkularitza, programak eta topaketak sortzen joango da, sektoreko enpresak sendotzen laguntzeko.

Deialdia

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute pertsona fisikoek edo Getxoko erakundeek gidatutako enpresa-proiektuek, edo udalerrian jarduten dutenek, baldin eta beren jarduera garatzeko lan-gune bat behar badute eta, betiere, Ekonomia Sustapenagaz zerikusia badute. Proiektuen eta talde sustatzailearen kalitatea, emakumeek gidatutako proiektuak, Getxoko eta Bizkaiko egoitza, berrikuntza eta proiektuak sormen- eta kultura-sektorearekin lotuta egotea baloratuko da.

Lokalak 2 urterako lagatzea ezartzen da, enpresa proiektu bakoitzeko urtebete eta gehienez 2 lanpostu luzatzeko aukeragaz. Leku eskaerak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren - AEB bidez egingo dira, oharpen eredua: “Eskaera Getxo Sormen Hub 2022”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun