Emantzipaziorako diru-laguntzak eskatzeko epea irekiko du barikuan Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 6a, 17:33

Bihartik hasita, eta urriaren 31ra arte, 18 eta 35 urte arteko getxoztarrek etxebizitzak alokatzeko eta emantzipatzeko diru-laguntzak jasotzeko eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte. Udalak 250.000 euro bideratu ditu laguntza horietarako, eta horien helburua da udalerriko gazteei emantzipazio-prozesuan eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea.

Oraingo deialdiak hainbat berrikuntza dakartza, Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitzako zinegotzi arduradunak nabarmendu duenez. Izan ere, laguntza horiek jaso ditzaketen gazteen kopurua handiagoa izan dadin, deialdi honetan "malgutu" egin dute baldintzetako bat, hau da, etxebizitza-errentamenduko kontratuari dagokiona. Kontratu horrek diruz lagundu beharreko aldian egon beharko du indarrean, baina ez du aldi horretan sinatuta egon behar, eta aurretik sinatutakoak ere onartuko dira. Gainera, aurreko deialdietan diru-laguntza horiek jaso zituzten pertsonek deialdi honetako diru-laguntzak ere jaso ahal izango dituzte. Gainera, oraingoan, diruz lagundu daitekeen gehienezko epea 18 hilabetekoa izango da, aurrekoetako 12 hilabetekoa beharrean.

Hala, deialdi hau 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean indarrean dauden errentamendu-kontratuetarako da (epe horretan edo 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen sinatuta egon daiteke, baldin eta epe horretan indarrean jarraitzen badu), eta diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 18 hilabetekoa izango da.

Errentamendu-gastuei dagokienez, ezingo dira 900 euro/hileko baino gehiago izan, oinarrietan jasotako salbuespenezko kasuan izan ezik. Alokairuaren kontzeptutik kanpo geratuko dira eranskinei dagozkien gastuak, hala nola garajea edo trastelekua, komunitate- eta administrazio-gastuak, besteak beste.

Laguntzak jasotzeko, bizikidetza-unitateek ezin izango dituzte urteko gehieneko diru-sarrera hauek gainditu:

  • 25.000 euro, banaka, bizikidetza-unitatea A motakoa bada (pertsona bakarra agertzen da kontratuaren titular gisa, eta bera bakarrik bizi da errentan hartutako etxebizitzan), edo B (pertsona batzuk etxebizitzaren kontratuaren titular gisa agertzen dira, baina ez daude ezkonduta, eta ez daude izatezko bikote gisa inskribatuta).
  • 39.000 euro, bien artean, bizikidetza-unitatea C motakoa bada (pertsona batzuk etxebizitzaren kontratuaren titular gisa agertzen dira, eta ezkonduta edo izatezko bikote gisa inskribatuta daude).

Diru-laguntzak hilean gutxienez 180 euro eta gehienez 450 eurokoak izango dira, diru-sarreren arabera. Zenbatekoak osorik ordainduko zaizkie lehen aldiz laguntza jasotzen duten pertsonei, eta % 75era murriztuko zaizkie aurreko deialdietan onuradun izan direnei.

Oraingoan, eskabideak modu telematikoan bakarrik aurkeztu ahal izango dira: https://labur.eus/AwUJh

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun