Abuztuaren 17tik metalezko hesi batek zeharkatzen du Getxoko Romo auzoko eraikina, “lotsaren hesia” eraisketaren aurka dauden Nagusien Etxeko kideentzat. Egun hartan, herriko jaien ostean jendea oporretara joana zela eta eraikinean zaintza txandarik ez zela probesturik, Ertzaintza eta Udaltzaingoa Romoko Nagusien Etxera gerturatu ziren. Ertzaintzak zonaldea hesitu eta goizean goiz Redenor enpresako langileak eraisketa prestatzeko lanekin hasi ziren, bertaratutako auzokideen amorru oihu artean. Nagusien Etxeko erabiltzaileetako batzuek “ezin dut sinetsi” esaten zuten; izan ere, ez zuten uste udal gobernuak (EAJ eta PSE) epailearen agindurik gabe hasiko zituenik eraisketa lanak. Beste batzuek, mesfidatiago, amorruz damutzen ziren bertan geratu ez izanaz, aurreko egunetan bezala zaintza txandak antolatu ez izanaz.
Arratsalde horretan bertan heldu zen eraiste lanak gelditzeko agindua Bizkaiko epaitegitik; Ibar Nagusien Etxeak goizean eskatutako erabateko zuhurtziazko neurriak onartuak izan ziren. Irailaren 9an jakinarazi zen udal gobernuak zuhurtziazko neurrien aurka aurkeztutako helegitea ez dela onartua izan eta epaileak agindu arte ezin izango dela Lope de Vega 12ko eraikina eraitsi.
Ordutik etengabeak izan dira Lope de Vega eta Kresaltzu kaleak batzen dituen izkinan egindako elkarretaratzeak eta bestelako ekintzak. Nagusien Etxea 24 orduz poliziak kontrolatua dagoen arren, hesiaren itxura ere aldatuz joan da hilabete honetan zehar: mezuak, kartelak, puxikak eta bestelakoak jarri dituzte auzokideek, beren eskaerak adieraziz.
Nagusien Etxean geratzeko nahia
Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Nagusien Etxea eraisteko erabakiak sortu du egoera gatazkatsua. Gaur artean herriko nagusien aterpe izan den eraikina bota eta “belaunaldien arteko zentroa” eraiki nahi dute toki berean (2. eta 3. graduko menpekotasuna duten nagusientzako egoitza, eta 35 urtetik beherakoentzako 40 apartamentu), horretarako behar duten aurrekontuaren %82,5 jaso baitute Europako Next Generation programako funtsetatik. Asmo hori tarteko, Nagusien Etxeko kideek ekainaren 24ko data zeraman kanporatze agindua jaso zuten.
Auzoan iritzi kontrajarriak daude belaunaldien arteko zentroaren proiektuarekiko; batzuek uste dute aukera ederra izan daitekeela, baina badira praktikan proiektuari hutsuneak ikusten dizkiotenak ere: besteak beste, Bizkaia mailako proiektua izanik ez duela Getxoko beharrak estaltzeko balioko; erresidentzia handiko formatu horretan erabiltzaileen zaintza egokia bermatzen ez dela frogaturik dagoela; zaila dela gazteen eta 2. eta 3. graduko menpekotasuna duten nagusien arteko elkarbizitza bermatzea; ez dela bidezkoa gazteei profesionalek egin beharreko zaintza lanak esleitzea; gazteei pisu kopuru jakina egokitzeak ez duela Getxon dagoen etxebizitza-arazoa konpontzen. Hau da, proiektua eder eta arrakastatsu aurkeztua izan den arren, praktikan ez diela Getxoko zahar eta gazteen errealitate desberdinen beharrei erantzuten.
Getxoko Ibar Nagusien Etxea elkarteak adierazi du ez duela proiektuaren balorazioetan sartu nahi, euren helburua ez baita Udal gobernuaren proiektu horren aurka egitea, baizik eta euren etxea babestea. Proiektu hori egiteko Getxon eraikin hutsak badirela esatera mugatu da, Getxo II institutua izandakoa kasu –udal gobernuari proiektua bertan egitea proposatu zioten, baina erantzunik ez zuten jaso–. “Hemen belaunaldien arteko zentroak bultzatu nahi duen belaunaldien arteko harreman hori egunero eman daiteke, hau zabalik dugulako. Gu gara espazioa kudeatzen dugunak eta uste dugu leku hau Romoko jendearen erabilerarako izan behar dela. Itzubaltzetako Emakume Asanbladak hemen egin zituen jardunaldi feministak, eta aurten Romoko emakumeen bazkaria hemen ospatu da. Romo Kantarikoak, elizakoak…. Baina udalaren helburua belaunaldien arteko harremana Europako ereduei jarraituz egitea da. Hori da Europan saldu dutena eta horregatik eman diete eman dieten diru-kopurua”, azaldu zuen elkarteko zuzendari Paco Ramak ekainaren 21ean ARGIAn argitaratutako elkarrizketan.
Udal Gobernuak Romo Kultur Etxea erabiltzea eskaini die alternatiba gisa, baina Nagusien Etxeko hainbat kideren iritziz espazio horrek ez die beren beharrizanei erantzuten. Ondoko adibidea jarri zuen Nagusien Etxeko kide Rafa Martinek ARGIAri eskainitako elkarrizketan: “Eguneko azken gimnasia klasea mugikortasun murriztua duen jendearentzat da, batzuk gurpildun aulkian etortzen dira, beste batzuk lagunduta… RKEra heltzeko igogailua hartu behar dute eta egunen batean funtzionatzen ez badu, ezingo dira sartu”. Horrez gain, salatu dutenez, RKEn nagusientzako dagoen espazioa Nagusien Etxean dutenaren herena baino ez da, eta ez dute eurentzako tabernarik ez lorategirik, leihoak zabaltzeko eta espazioa aireztatzeko bedelari giltza eskatu behar diote… Argi dute: espazio horrek ez du euren autogestioa sustatzen eta ez da egokia Nagusien Etxeko ekintza guztiak egin ahal izateko, ezta auzoko nagusi kopuruari eta euren beharrei erantzuteko ere.
Nagusien Etxean geratzeko urteetako borroka
Lope de Vega 12 eraikina herriarentzako donazioa izan zen, baina ondoren mojek eskuratu zuten. Azken horiek, 1980an, eraikinak bota eta babes ofizialeko etxeak eraikitzea eskatu zuten, baina auzoaren erantzuna –Auzokideen Elkartea barne– aurkakoa izan zen. Ez zitzaien horretarako baimenik eman, eta erosketarako negoziazioetan hasi ziren; izan ere, udalak ikusi zuen ekintzak egiteko udal ekipamendu beharra zegoela. Alderdi batzuek uste zuten herriaren donazioa izandakoa mojek itzuli egin behar zutela, baina azkenean berriro erostea erabaki zen. 41 milioi pezetatan erosi zen, %50 Diputazioak ordainduta. 1987ko azaroaren 21ean Hogar de Día inauguratu zen bertan (hala zuen izena Ibar Nagusien Etxea bilakatu aurretik). 2001ean Ibar Nagusien Etxea Elkartea sortu zen eta udaletxearekin adostu zuten zentroa elkarteak kudeatuko zuela.
Ordutik, planteamendu desberdinak tarteko, hainbat plan egon dira eraikina birmoldatzeko, baina beti baldintza batekin: elkartea denboraldi batez beste leku batera joan behar izango bazen ere, berriro eraikinera itzultzeko aukera bermatzea. Alabaina, 2013an udal gobernuak elkarteari komunikatu zion RKEra lekualdatuko zituztela, eraikina birmoldatzea oso garestia zelako (6 eta 8 milioi euro artean). Jakinarazpen horren aurrean, 2013ko irailaren 27an elkarteko kideak bilera nagusian bildu ziren, eta Lope de Vega 12ko eraikinean geldituko zirela erabaki zuten. Bertan gelditzeko eskubidea defendatzen hasi ziren: 2015ean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak egindako proiektu bat aurkeztu zion elkarteak udal gobernuari; bertan esaten zen Etxe Merkeak, Nagusien Etxea, Euskaltegia eta eliza Romoko herrigunea direla eta eraitsi baino, babestu beharko liratekeela, euren azpiegitura egoera onean baitago eta herriaren ondare baitira.
2016an Nagusien Etxearen eraisketaren aurkako plataforma sortu zen. 2017an Ibar Nagusien Etxeak erreferenduma egin zuen bazkideei galdetzeko ea zer nahiago zuten: bertan gelditu edo RKEra joan. Bileretara normalean 100-120 pertsona joan ohi ziren, baina egun horretan 540 pertsona joan ziren bozkatzera eta %84ak (453 pertsona inguruk) Lope de Vega kalean geratzearen alde bozkatu zuen. Urrian udaleko osoko bilkuran eztabaidatu zen gaiaz eta udal gobernuko 11 bozek eraikina eraistearen alde egin bazuten ere, oposizioko 14 bozek eraikina ez eraistearen alde egin zuten. Elkarteak udal gobernuari eskatu zion erabakiari kasu egiteko, euren programa elektorala inposatu ordez. Baina eskaerari entzungor, bere programa beteko zuela adierazi zuen azaroan udal gobernuak, alderdi bozkatuenak izanik horretarako eskubidea zutela argudiatuz. Gauzak horrela, 2018ko maiatzean Nagusien Etxeko ileapaindegia, fisioa eta podologo zerbitzuak RKEra eraman zituzten, aurretik abisurik eman gabe, nahiz eta elkartearekin urte amaiera arte kontratua sinatuta izan. Elkarteko kideen arabera, hortik aurrera udalarekin hainbat oztopo izan dituzte, beren jarduna aurrera eramatea zailduz.
2018an RKEko hirugarren solairuan nagusientzako espazioa zabaldu zuten, eta elkarteak salatu izan duenez, Nagusien Etxeko deiak RKEra desbideratu zituzten, bertatik Nagusien Etxearen izenean erantzuteko deiei. Salatu dute, baita ere, paraleloki elkarteko bazkideei telefono deiak egin zizkietela, Nagusien Etxea RKEra lekualdatu zela esanez. Egoera horretan, Nagusien Etxeko kideek eraikina mantentzeko itxialdia egin zuen –Udaltzaingoak itxialdiko pertsona guztiak identifikatu zituen–. Itxialdiaren aurrean, udalak adierazi zuen gehiengorik gabe ez zuela eraikina eraitsiko, eta ondorioz, elkarteak erabaki zuen itxialdiari amaiera ematea eta eguneroko lanean jartzea indarrak. Ordutik 2022ko abuztuaren 17ra arte espazioa zabalik egon da, udal langilerik gabe, langile boluntarioen lanari esker.
Amore emateko asmorik gabe
Erreportajea osatzeko iturri izan diren bazkideek jakinarazi digute iluna eta gezurrez betea izan dela urte hauetako prozesua. Lekua “usteltzen” utzi dutela esaten dute. Ali de Celis Iglesias-en hitzetan, espazioa elkarlanean zaindu eta mantendu dute, eta beren poltsikoetatik ordaindu dituzte kontratatutako langile profesionalak: “Adibidez, iraganean tabernako langileek ez zituzten zerbitzuak ordaindu behar, menua nagusiek ordaindu ahal izateko prezioan eskaini ahal izateko. Baina tabernaren kargu egin zen azken familia heldu zenerako udal gobernuarekin genuen harremana ez zen ona, eta bat-batean esan ziguten gasa eurek ordaindu behar zutela. Oztopoak jarri izan dizkigute etengabe, nekatu gintezen, baina ez gara nekatu”.
"Ibar Nagusien Etxeko antolatzaile eta erabiltzaileek ez dakite aurten euren proposamenak aurrera eraman ahal izango dituzten. Baina irribarrez esan digute ez direla etxean geratuko, ez dietela euren gorputzei lokartzen utziko"
Amore ematetik urruti, peto horia soinean, nagusiek protesta egiten jarraitu dute Romoko kaleetan. Bi urte eman dituzte goizero ordu erdiko elkarretaratzea eginez Areetako Xake Plazan, musika jarrita eta borobilean bueltaka, euren aldarrikapenekin espazioa betez. Borrokan jarraitzeko erabakimen hori are nabarmenago adierazi zuten kanporatze aginduak zehaztutako datan: bazkaria, txalaparta tailerra, kontzertua… egun osoko egitaraua antolatu zuten ekainaren 24rako, eta eraikina hutsik geratu ez zedin, zaintza txandak antolatu zituzten adin ezberdinetako auzokideekin. Eta abuztuaren 17an Polizia agertu eta eraikina hesitu artean, hainbat izan dira kalea bete eta protesta bistaratzeko udan egindako ekintzak: igel-toka txapelketa, bazkari herrikoia, bingoa, dantzaldia, 75 urtetik gorakoen bazkaria, liburu aurkezpenak… Ekintza horietan ageriko egin da hainbat herritarrek Nagusien Etxeari adierazitako babesa. Izan ere, azken herri galdeketan 1.500 pertsonatik %98ak eraistearen aurka bozkatu zuen, eta hilabete batzuk lehenago eraikina mantentzearen aldeko 4.000 sinadura batu zituzten.
Zalantzaz betetako etorkizuna
Ikasturte berria hasi den honetan arduraturik daude elkarteko kideak, ez baitute ikasturteari ekiteko eta harremantzeko lekurik. Adierazi dutenez, gauzak horrela, nagusi askok RKEra joatea beste aukerarik ez dute tailer edo ekintzak egin ahal izateko.
Santi Aristimuñok, mobilizazioetarako kartoietan marrazkiak egiten eta esaldiak idazten dituen elkarteko bazkideak, aurreko ikasturtean Nagusien Etxeak eskaintzen zituen ekintzen zerrenda errepasatu du: dantzak, tai-xi, pilates, memoria tailerra, zahartze aktiboa, euskara, marrazketa, abesbatza, patchwork, puntu eta kakorratz-lana, heziketa fisikoa, liburutegia, hitzaldiak, tertuliak lorategian, billar saioak, bingoa, zinema, mendi irteerak, josteko ikastaroa, igel-toka eta petanka txapelketak. Eskaintza zabal horri esker, 86 urteko Ane Servando bazkideak, adibidez, 80 urte zituela deskubritu zuen margolaritzarekiko bere pasioa. Orain arduraturik adierazi digu ez dakiela zelan jarraituko duen koadroak marrazten. Berarentzat garrantzitsua da elkarri lagunduz taldean marraztea, eta horretarako espazio egokia izatea, bentilazio egokia duena margoen kutsaduratik babesteko.
Udal gobernuari eskatu diote eraikina berriro zabaltzeko, aurkeztutako proposamenean tailer horiek mantentzeko, eguneko zentroa gehitzeko eta nagusi eta gazteen arteko tailerrak gehitzeko. Halere, Ibar Nagusien Etxeko antolatzaile eta erabiltzaileek ez dakite aurten euren proposamenak aurrera eraman ahal izango dituzten. Ez dakite aukera izango duten elkarrekin abesteko, josteko, margotzeko, gorputzak mugitzeko… Baina irribarrez esan digute ez direla etxean geratuko, ez dietela euren gorputzei lokartzen utziko, Kresaltzu eta Lope de Vega kaleen arteko izkinan edo RKE eraikinaren aurrean zein auzoko edozein txokotan biltzen jarraituko dutela, euren etxearen alde borrokan, Nagusien Etxean sortutakoa piztuta mantenduz.
Artikulu hau Garazi Basterretxeak idatzi du ARGIA.EUS-en eta cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn