Arte eszenikoen askotariko eskaintza taularatuko du asteotan Getxo Eszena zikloak Musikebarrin

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 18:19
'Bake lehorra' lanagaz abiatuko dute zikloa. © Pio Ortiz de Pinedo

Getxo Eszena zikloaren 40. edizioa abiatuko du bihar, barikuan, Muxikebarri Antzokiak. Programa horrek Arte Eszenikoen Jardunaldien ibilbidea ordezkatuko du, eta, hilaren 23ra bitartean, askotariko 11 ikuskizun hartuko ditu. Gehienak euskal konpainia eta ekoizleek sortutakoak dira, eta, denak 19:30ean hasiko dira, haurrentzako lanak izan ezik, 18:00etan hasiko baitira. Sarrerak Kultur Etxeko ohiko kanaletan eros daitezke.

Zikloak hiru aste iraungo ditu, eta lehenengo etapa bihar abiatuko da, Bake Lehorra antzezlanaren eskutik. Patxo Telleria, Mikel Losada eta Aitor Fernandino dira horren protagonistak, eta gerrako gatazken basakeria salatzen duen hirugarren gerra karlistan girotuta dago.

Hilaren 8an, El premio komediaren txanda izango da. Jorge Sanz, Maria Barranco eta Ana Turpin aktoreek krisian dagoen eta arrakasta lortzeko edozein gauza egiteko prest dagoen idazle baten zoritxarrak eszenaratuko dituzte.

Domekan, hilak 9, Glu Glu-k umeei hurbilduko die Munduari itzulia 80 egunetan, Julio Verneren istorio ospetsuaren bertsio librea, elkarbizitzaren aldeko apustua egin eta abenturak, musika eta umorea uztartu dituena.

Getxo Eszenako bigarren astea hilaren 12an hasiko da, Getxoko Lekukoak proiektuagaz. Mikel Clemente zuzendariaren diziplina anitzeko proiektua da hori, eta ikus-entzunezko sorkuntza batetik abiatuta, Getxoko zazpi arkitektura-monumentu ezagunei egingo die omenaldia: Bizkaia Zubia, Arriluzeko itsasargia, Begoñako lurmuturreko galeriak, Etxetxu, Arrigunagako gotorlekua eta talaia, Aixerrota eta Galeako gotorlekua.

Hurrengo egunean, hilaren 13an, eguenean, Solo críos, críos solos antzeztuko da, Principal, Arriagaren eta Victoria Eugenia antzokien koprodukzioa Zanguango Teatroagaz elkarlanean.

Barikuan, hilak 14, dantza izango da protagonista, Arnasa eskutik. Organik konpainiaren dantza garaikideko lan honek zuzeneko musikagaz lan inklusiboaren aldeko apustua egiten du, aldaketa emozionalek arnasketari nola eragin diezaioketen erakusteko.

Antzerkia hurrengo egunean itzuliko da, hilak 15, zapatuan, Los secuestradores del lago Chiemsee lanagaz. Mario Gasek zuzendutako komedia beltz honek Alberto Iglesias, Vicky Peña eta Manuel Galiana buru dituen aktore taldea bildu du istorio xelebrea kontatzeko: jubilatu talde batek bere aholkulari fiskala bahitzen du, 2008an gertatutako finantza-krisiaren ondorioz diru guztia galdu eta gero.

Getxo Eszenako azken astean beste hiru ikuskizun izango dira. Ados Teatroaren Lagun beltz asko lanaren estreinaldiak irekiko du proposamena. Asier Hormaza, Ramon Ibarra, Josu Ormaetxe dira antzezlanaren protagonistak, eta Garbi Losadak zuzentzen du. Taberna itxi berri batean dago girotuta, etorkin bat mugikorra kargatzeko asmoz sartzen den taberna batean, eta ez da berriro bizirik aterako, une hartan bertan zeuden bi pertsona bakarrek nahi gabe ezkutatzen dituzten sekretuak kendu ondoren. Euskarazko bertsioa urriaren 20an taularatuko da eta, hurrengo egunean, barikuan, gaztelaniako testua.

Zapatuan, hilak 22, Mierda de ciudad: historia del rock radical vasco antzeztuko da Muxikebarrin. Olatz Gorrotxategiren proiektu eszeniko performatiboak euskal rock erradikalaren mugimendu kontrakulturalaren historia eta bere testuinguru historikoa kontatzen ditu, westernaren eta kolonizazio kulturalaren analogiatik abiatuta.

Azkenik, Getxo Eszena Lakua dantza lanagaz amaituko da urriaren 23an. Beltxargen lakuaren bertsio garaikide honetan LaMov konpainiak pieza klasikotik urrundu eta itxura eta errealitatearen arteko dualtasunean sakontzen duena.

Getxo Eszenako programazio osoa eskura hemen

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun