Romotik mundura, tokiko eskaintza azaleratu guran

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 18:48

Tokiko negozioei ikusgarritasuna eman guran, Romo Bizirik elkarteak jaialdi berezia antolatu du zapatu honetarako, urriaren 8rako, Santa Eugenia plazan, Getxoko Udaleko Ekonomia eta Sustapenerako Sailaren laguntzagaz. Hala, eguerdiko 12:00etatik aurrera, auzokideek hamaika jardueraz gozatzeko aukera izango dute Itzubaltzeta/Romoko erdigunean.

"Romotik Mundura" lelopean, auzo honen bihotzean dauden negozio guztiei ikusgarritasuna eman gura die elkarteak, bertako kaleei bizia emanez. Horretarako, hainbat jarduera izango dituzte egun osoan zehar.

  • 12:00etatik aurrera, Batukale batukada taldeko kideek auzoko kale komertzialak alaituko dituzte.
  • 17:00etatik aurrera Vinilo FM irratiak bere programa egingo du plazan Romo Bizirik elkarteko informazio-guneagaz batera, elkarteari buruzko xehetasun gehiago ezagutu gura dituen ororentzat.
  • 17:15etatik 19:00etara txikienentzako tailerrak egongo dira.
  • 18:15etatik 19:15etara helduek ardoen doako dastaketa gidatua izango dute.
  • 19:15ean globo biodegradagarriak askatuko dira, elkarteko kide guztien izenagaz paper txiki bat izango dutenak. Mezu horietakoren bat globoa lurrera iritsitakoan jasotzen bada, zorioneko horrek opari-oihalezko poltsa bat jaso ahal izango du. Gainera Getxoko dantza taldeek eta Kultur Etxeak aurtengo dantza plazaren egutegia sortu dute. Hilero bat antolatuko da auzo desberdin batean eta aste honetan Itzubaltzeta/Romon hasiko da 19:20etatik aurrera, Patxi eta Konpaniaren musikagaz.
  • 20:30etatik aurrera, Karaokea eta festa amaierako mokadua izango dira elkarteko ostalaritzako lokal batzuetako produktuakaz.

Ekintza horiek astebeteko egitarau baten hasiera izango dira. Izan ere, "Promozioen Astea" egingo dute urriaren 8tik 15era. Horrela, elkarteko 34 saltokietan beherapenak eta promozioak egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun