Ibilaldiaren 39. edizioa antolatu du eguazten honetarako Algortako Itxartu taldeak. Ohi bezala, helduek 17,3 kilometro egin beharko dituzte, eta, gaztetxoek –10 urte artekoek– 5,9 kilometro. Hitzorduak urriaren 12an izango dira, 07:30ean eta 10:00etan, hurrenez hurren, Algortako Batzokitik abiatuta.
Aurten ere, COVID-19aren ondorioz, parte hartzaileek zenbait osasun neurri bete beharko dituzte, eta iaz abiatutako berritasunak mantenduko dituzte. Hala, izen-ematea doakoa izan da, baina Internet bidez bakarrik egin ahal izan da, urriaren 9ra arte. Ibilaldi bien irteera mailakatua izango da, eta amaitzean ez da hamaiketakorik egongo; horren ordez, edari eta pintxo bana hartzeko gonbidapenak banatuko dituzte, inguruko tabernetan trukatzeko.
Oraingoan, baina, sariak momentuan banatuko dituzte; gaztetxoen opariak martxaren amaieran banatuko dituzte, eta helduen sariak, sailkapenaren arabera, 13:00etatik aurrera Algortako Batzokiko patioan. Sailkapena Batzokiko tabernan eta Itxartu Taldearen webgunean (www.itxartu.eus) jarriko dute ikusgai.