Urriak 20-azaroak 5

Ipar Euskal Herriko kultura ezagutarazteko jardunaldiak bueltan dira Getxora

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 13a, 16:08

Ohiko formatura itzulita, Ipar Euskal Herriko kultura gerturatuko da Getxora berriro ere Iparra Galdu Gabe izeneko jardunaldiakaz. Aurrekoetan bezala, ekimena Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Elkarteak antolatu dute, udalerriko hainbat eragilegaz batera, tartean HIRUKA. Izan ere, Uribe Kostako komunikabideak "Ipar eta Hego komunikabideak eta komunikazio hariak" izeneko mahai-ingurua antolatu du urriaren 20rako, eguenerako, Azebarri kultur elkartean.

HIRUKA komunikazio-taldeak irekiko ditu Iparra Galdu Gabe jardunaldiak astebete barru, urriaren 20an, "Ipar eta Hego komunikabideak eta komunikazio hariak" mahai-inguruagaz. Horretan, 18:30etik aurrera, Kanaldude web-telebistako Pantxika Maitia eta Euskal Irratiak federazioko Pepe Aizpuruk haien hedabideez mintzatuko dira Azebarri kultur elkartean. Ondoren, dastaketa berezia egongo da.

Toki eta ordu berean, baina bi egun geroago (urriak 22), Don Campistronek Bekatarosak album ilustratuan egindako lanari buruzko solasaldia eskainiko du. Horretan elkarrizketatutako zazpi lagun, zazpi bekatariren borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten erasoak eta maitasun istorioak, elkartasuna eta itxaropenak erakutsi gura izan ditu.

Bestalde, Maiteder ikuskizunak bidaia bat biziaraziko die umeei zein helduei urriaren 23an, 12:00etan, Fadura kiroldegiko areto nagusian.   

Azkenik, musikari lotuta, hiru hitzordu izango dira. Lehena azaroaren 4an izango da, Odei Barroso bertsolaria eta raplariak Terapia bakarkako lana hurbilduko baitu Muxikebarrira, 21:00etan hasita. Bigarrena, hurrengo egunean, azaroak 5, izango da, Frikun taldeak afro-rock joerari loturiko bigarren diskoa, Ezerezko herria,  aurkeztuko duelako Azebarri kultur elkartean, 20:30ean; eta azkenik, hilabete bat geroago, abenduaren 3an, 20:00etan, Muxikebarrin, Anje Duhaldek eskainiko duen kontzertua ere jardunaldi hauen programazioaren barruan sartu dute, "gure nortasunaren sustraiak mundu modernoarekin lotzen dituenetako bat baita".  

Aurtengoa 10. edizioa izango da, eta gizartean eta kulturan interesa pizten duten gaiak berberak direla mahai gainean jarriz, oraingoak berdintasuna, LGTBI+, inklusioa, bakardadea edo kultur artekotasunari lotutako gaiak jorratuko ditu. “Interesatzen eta kezkatzen gaituzten gaiak berdinak direla ikusiko dugu jardunaldietan, Iparraldeko berezitasunak eta ezaugarriak ezagutzeko aukera izanik. Herritarrak gonbidatu nahi ditut jardunaldietan parte hartzera, aipatutako gaiek hainbat esparrutan duten eragina ikusi ahal izango dugulako, publiko guztientzako ekitaldirekin, eta horiek antolatzeko izaten  dugun udalerriko elkarteen laguntza eskertu nahi dugu”, aipatu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

Ildo horretan, aurten, Patxi eta Konpaina taldeak bere urratsak erakutsi ondoren, datorren urriaren 20tik azaroaren 5era bitartean, esparru desberdinetako ekitaldiak izango dira. “Hain zuzen ere,  aurten, ilustrazioak, literatura, antzerkia, komunikabideen egoera eta musika ekitaldiak izango dira, arlo horietako Iparraldeko artistak orain egiten ari direna erakusteko”, azaldu du Frank Suarez, EKE-ko proiektuen arduradunak.

Eta hain zuzen ere, musika, dantza, literatura, antzerkia eta aipatutako kezkak eta berezitasunak islatu gura izan ditu Dom Campistron aurtengo kartelaren egileak. “Horretan bi artista queer ikusten dira, arte forma horiek guztiak nahasten dituzte emanaldi garaikide eta aitzindari baten osatzeko. Taulazko eszena zaharraren gainean dira, bertze artista anitz izan ziren bezala haiek aitzin. Badakite haien Kultura zer izan den, zer den eta nora eraman nahi duten. Ilustrazioaren gainean ipar izarra marraztu dut, erakusteko Iparraldera begiratzen dugula egun horietan”, azaldu du ilustratzaileak. 

Informazio gehiago: hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun