Itzaletik erdigunera; zelan bizi izan dute gazteek pandemia?

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 14a, 08:00

Magdalena Lopez Gorritxo eta Ederra Zabala Urrutia, Bi · hotz elkarteko kideak.

Nerabeek pandemia-garaian bizi izandakoak eta euren papera zein izan den azaltzeko erakusketa ibiltaria antolatu du hilabeteotarako Bi · hotz elkarteak. Bost infografiatan, joan den urtarrilean dozenaka gaztegaz abiatutako sentsibilizazio-tailerretan ateratako ideiak eta ondorioak azaleratuko dituzte, "isildutako ahotsak erdigunean jarrita". 

Pandemiaren krisiak bigarren mailan jarri ditu gazteak eta nerabeak, birusak eragindako heriotza-tasa txikiena duen kolektiboa delakoan. Hala ere, salbuespenezko egoera horrek beste modu batzuetan eragin dio gizatalde horri. Nola bizi izan zuten nerabeek krisi hori? Entzun al zaie konponbide kolektiboa bilatzeko momentuan? Nola irudikatu dituzte hedabideetan? Azken ildo horretan, pandemia betean, nerabeak hedabide eta norbanako askoren jomugan egon ziren: positiboen gorakada euren errua zela, ez zituztela neurriak behar bezala betetzen edota arduragabeak zirela; askotariko akusazioak entzun eta irakur zitezkeen nonahi. Baina, hala izan zen hori guztia? Zer sentitu zuten gazteek garaiotan? Kontakizun "ofizialak" dioenagaz bat egiten dute? Zelan bizi izan zuten eurek pandemia? Bada, galdera horiei erantzun guran, eta haien kontaketa erdigunean jartzeko asmoz, "Itzaletik erdigunera" izeneko sentsibilizazio proiektua garatu dute aurten Bi · hotz elkarteko kide Ederra Zabala Urrutiak eta Magdalena Lopez Gorritxok, Getxoko Udalaren Gizarte Kohesioaren Arloak lagunduta.

Egitasmo horren bitartez, Lauro ikastolako, Europa ikastetxeko eta Gaztetasuna aisialdi-taldeko 12 eta 18 urte arteko dozenaka neska-mutil batu eta horiekaz tailerrak egin zituzten joan den ikasturtean, bederatzi taldetan banatuta. Elkartekoek diotenez, hezkuntza formal eta informaleko gazteen errealitateak batu gura zituzten, baita hezkuntza publiko eta pribatukoak, "baina, zoritxarrez, horretan hanka-motz gelditu gara, ezinezkoa izan zaigulako gure proposamena ikastetxe publikoetan egokitzea, aurkeztu genuenerako ikasturtea antolatuta zutelako", aitortu dute. Dena dela, nolabait, aisialdi-taldean ibilitako gazteak hezkuntza-eredu bietakoak direla-eta, errealitate biak jaso dituztela azpimarratu dute, "nola edo hala". 

Zer da Bi · hotz elkartea?
"Hezkuntzari eta zuzenbideari lotutako bi pertsona eta ikuspegien arteko topaketaren emaitza da. Elkarteak prozesu pertsonal eta kolektiboen inguruan lan egiten du, prozesu horiek ikertu, kudeatu eta eraldatuz, pertsonak eta taldeak garatzeko berezko eta beharrezko elementu gisa. Hau da, talde, kolektibo edo erakundeekin batera, autogobernurako eta autogestiorako tresnak, estrategiak eta egiturak garatzen ditugu"

Ederra Zabala Urrutiak azaldu duenez, pandemiari lotutako ahots batzuk ez dira entzun azken hiru urteotan. Are gehiago, deitoratu du gatazka politiko edo soziopolitikoren bat jazotzen denean, menpeko taldeei begiratu ohi zaiela, haien ardura izango balitz bezala: "Arazoak daudenean, irtenbide azkarrak bilatzeko ohitura dago, eta, horretarako errazena da errudunak topatzea. Kasu honetan, hasiera batean pertsona migratuen kontra jo bazen ere, azkenean nerabeak jarri ziren jomugan". Horretaz jabetuta, Bi · hotz elkartekoek, gizatalde horren errealitatea ezagutu guran, "Itzaletik erdigunera" izeneko egitasmoa aurkeztu zioten Getxoko Udalari, diru-laguntza jaso eta proiektuari ekiteko. 

Hala, gazteek pandemia-garaian bizi izandakoak eta euren papera zein izan den jakiteko lana abiatu zuten joan den urtarrilean. Hainbat tailer burutu zituzten dozenaka nerabegaz, eta horietan jasotako ondorioakaz erakusketa grafiko bat egingo dute hilabeteotan Getxon, "Itzaletik erdigunera: nerabeen ikuspegitik memoria kolektiboa eraikitzen pandemia garaian" goiburupean. Urriaren 7tik aurrera bisitatu ahal izango da hori Gobela kiroldegian; ondoren, Fadurako kiroldegian, udalerriko gaztelekuetan eta Algortako Abian kulturgunean egongo da ikusgai. "Erakusketa proiektuaren azkenengo pausoa da, eta helburua da gizartearekin partekatzea zein izan den nerabeen esperientzia pandemian. Kontakizun eta errealitate horiek erdigunean jarri nahi izan ditugu, orain arte ez zaielako entzun, eta, modu horretan, udalerriko memoria historikoa garatzeko", azaldu du Magdalena Lopez Gorritxok.

Sozializazioa eta bakardadea

Pandemiaren krisiak denok kolpatu gaitu, baina adin-tarte bakoitzari modu batera edo bestera eragin dio. Bi · hotz elkartekoek gazteen eguneroko bizitzetan, lehentasunetan eta kezketan nola eragin dien aztertzeaz gain, gizabanako gisa eta gizartearen barruan talde gisa duten ikuspegia islatu gura izan dute. Izan ere, Lopez Gorritxok zehazten duenez, nerabeak ez dira talde homogeneoa, "eta, horregatik, ezin da orokortu". Hala ere, adierazi du bidean hainbat ideia errepikatu direla, eta, ondorio nagusi gisa, "gazteek pandemia modu askotara bizi izan dutela kontutan hartuta",  azpimarratu daitekeela nerabeek sentitzen dutela "bakardadean" bizi izan zutela pandemia-garaia, eta euren bizitzaren zati bat galdu egin dutela: "Lehenengo aldiz hanka sartzeko aukerak galdu dituzte, eta errore horietatik ikasteko aukerak ere. Askok esaten dute hiru urte igaro direla eta ez dutela gauza askotan esperientziarik, nahiz eta adin horrekin gauza horiek jakintzat dituztela uste den arren". Ildo horretan, Zabala Urrutiak nabarmendu du nerabeen sozializazio-garaia bat-batean eten egin zela krisi horren eraginez, "bizi-etapa oso indartsu eta esanguratsua", hain zuzen ere. 

Tailerretako ondorioak eta datuak batuta, Ememe proiektuak bost infografia sortu eta horiek erakutsiko dituzte hilabeteotan Getxon.

Osasun mentala zaintzearen beharra

Pandemia hein batean gaindituta dagoela eta normaltasunera bueltatu garen honetan, gazteen polarizazioa nabaria dela diote Bi · hotz elkartekoek. "Nerabe batzuek oso ondo egin diote aurre egoerari, baina beste batzuek oso txarto, eta, azken horien harira, askok gaizki jarraitzen dute, eta sentitzen dute atzean gelditu direla. Are, tailer batean, neska batek arreta deitu zigun ez geundelako osasun mentala jorratzen ari, eta egia da gure taldeetan botikak hartu behar izan duten neska-mutil asko egon direla", mahai-gaineratu dute. Hori dela eta, horri guztiari buruz berba egiteko guneak sortu behar direla proposatu du Lopez Gorritxok, "eremu kolektiboak nola gauden eta zer behar dugun konpartitzeko".

Frustrazioa

Tailerretan errepikatutako sentsazioetako bat ere bada frustrazioa, hedabideek eta gizartearen zati handi batek nerabeak zelan irudikatzen ari zirenari aurre egiteko ezintasunagatik. "Tailerretako batean, Espainiako Estatuko hainbat hedabidetako titularrak eraman genituen, eta, horiek aztertuta, denek esaten zuten ez zutela bat egiten akusazio horiekin", diote. Gazteak suminduta zeuden egoera horregaz, ez zelako euren errealitatea, eta ezinezkoa zitzaielako egoera horri aurre egitea; "den-denek bazekiten zer egin zuten txarto eta zer ondo, denok bezala, eta argi zuten medioek zabaldu zuten iruditegia ez zela eurena". Ildo horretan, ñabardura egin dute azterlari biek, esanez euskarazko titularrak, gaztelerazkoak ez bezala, orokorrean, albisteen ikuspuntuak bestelakoak zirela: "Nerabeek bizi zutena ulertzeko asmoz sortutakoak ziren; eraikitzekoak, alegia". 

Dena dela, modu batean edo bestean, Bi · hotz elkartekoek ondorioztatu dute nerabe batzuk, orokorrean, kontakizun "ofizialaren" zati bat sinestera heldu direla, "azken finean, gizartea zuri buruz horrenbeste hitz egiten badu, helduko da momentu bat non era batean edo bestean horren zati bat sinetsiko duzun. Eta, ildo horretan, hainbat pertsonak mantentzen dute oraindik erruduntasun sentsazio bat".

Ateratako ikasketak

Krisi batek egoerak muturrera eramaten ditu, eta, horren ildotik, gazteek hainbat ikasketa atera dituzte bidean. Tailerretan, bederen, ondorioztatu dute nerabeek hainbat ikasketa atera dituztela, hala nola jakiteko zeintzuk diren euren benetako lagunak. Halaber, pandemia-garaian, murrizketa guztien ondoren, denboraren eta aukeratzeko ahalmenaren balioaz are gehiago jabetu zirela nabarmendu dute.

Egoeraz Kontzienteak. Gizarteak, orokorrean, irudikatu gura izan duena baino "askoz hobeto" ulertu dute neska-mutil gazteek pandemian gertatutakoa, "eta euren errealitatea bizi izan dute bestelako errealitate kolektibo baten barruan. Ez dira atzetuta egon, ikusarazi nahi izan diguten bezala, eta uste dena baino kontzienteagoak izan dira".

Ildo horretan, Bi · hotz elkarteko kideek nabarmendu dute inoiz ez dagoela kontakizun bakarrik, "eta memoria egiten saiatzea istorio bakarra egongo balitz sinetsita, orduan, ez da memoriarik egongo. Alde bakoitza berea gailentzen saiatuko da hori nabarmentzeko, baina memoria egiteko onartu beharra dago beste hamaika ikuspegi ere badaudela". Hori dela eta, azterlariek iragarri dute bigarren fase bat abiatu gura dutela pertsona nagusien errealitatea jasotzeko. "Interesgarria iruditzen zaigu kontraste hori egin ahal izatea. Izan ere, memoria historikoa kontrastea ere bada". 

Erakusketa-datak

  • Urriak 7-14: Gobela kiroldegia.
  • Urriak 17-24: Fadura kiroldegia.
  • Urriak 28-abenduak 31: Algortako eta Romoko gaztelekuak.
  • Urtarrilak 1-15: Abian kulturgunea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun