Ohar baten bitartez, Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteak jakinarazi du zuzendaritza-batzorde berri bat osatu dutela, Pako Rama presidente izango duena, eta, orain arte egin duten bezala, 34 urtez euren egoitza izan den Lope de Vega kaleko eraikina eraistearen kontrako borrokan jarraituko dutela. "Bertatik bota gintuzten, modu autoritario eta aldebakar baten bitartez, joan den abuztuaren 17an", azaldu du elkarteak.
Horrez gainera, azpimarratu dute Romo Kultur Etxera lekualdatzeko aukera baztertu egiten dutela, eta Lope de Vegara bueltatu gura dutela, gogoratuta horren eraisketa paralizatuta dagoela epaileak hala aginduta.
Horrez gainera, elkarteak gezurtatu egin du "El Correo" egunkariak urriaren 11n bertan zabaldutako informazioa, eta azaldu du dimititu duten bost kideek ez dutela elkartea ordezkatzen, "eta izan duten desadostasuna ez da batzordearekikoa izan, baizik eta Asanblearekikoa, elkartearen organo gorena, zeinak erabaki zuen ez negoziatzea Udalarekin". Halaber, gogoratu dute bost kide horietatik bakarrak bozkatu zuela horren kontra.
"Ibar Nagusien Etxea elkartea Romo Kultur Etxera lekualdatzearen kontra egon da beti, baina prest egon da negoziazio-prozesu batean parte hartzeko, udal-agintariek horri uko egin dioten arren", deitoratu du taldeak.
Azkenik, aitortu dute egoera politizatu egin dela; "EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernu-taldeak politizatu egin du hau, gure etxetik botarazi gaituztenak, eurek jakingo duten auskalo zer interes politikoarekin, agian aitorgarria ez dena".