Obra aurkezteko prentsaurrekoan, Irantzu Uriarte, Getxoko Kultur Etxeko presidentea, pozik agertu da, "publikoari primizian kalitatezko lana eskaintzeko aukera ematen digulako eta, aldi berean, gure konpainietako baten lana indartzen dugulako". Izan ere, obra Getxoko Kultur Etxearen eta Ados Teatroaren arteko akordioaren bitartez gauzatu da.
Garbi Losada antzezlanaren zuzendariak, Jose Antonio Vitoriagaz batera gidoilari ere badenak, lan hau kutsu beltza duen "komedia dramatikoa" dela azpimarratu du. Ados taldearen azken ikuskizunak gaurkotasun amorratuko gai bat azpimarratzen duen istorio bat kontatzen du: pertsona ezezagunaren beldurra edo arbuioa, beste erlijio bateko etorkinarekiko beldurra edo arbuioa, klase behartsu batekoa dena edo sexu-joera desberdina duena. Sentimendu hori, Losadak dioen bezala, "zuzentasun politikoko geruza askoren azpian ezkutatuta daramagu".
Asier Hormaza antzezlanaren protagonistetako batek azpimarratu duenez, lan honek "inkomunikazioaz eta ezezagunari diogun beldurraz" hitz egiten du. Bestalde, beste antzezleetako batek, Ramon Ibarrak, adierazi du antzezlanean oso ondo islatzen dela nola "gure frustrazioak eta gaitzak arazoekin azaleratzen diren".
Lagun beltz asko Muxikebarrin taularatuko dute Getxo Eszena jardunaldien barruan, urriaren 20an eta 21ean. Eguenean euskarazko bertsioa antzeztuko dute eta, hurrengo egunean, gaztelaniazkoa; biak 19:30ean. Sarrerak Kultur Etxeko ohiko saltokietan eros daitezke.