Idazteko teknikak era autokudeatuan lantzeko saiakera egingo du oraingo ikasturtean Getxoko Idazaleen Txokoak. Horretarako, hilabetero, taldeko kide batek idazteko teknika lantzeko ariketak prestatuko ditu, ondoren estrategia narratiboak jorratu eta idazleen lanak konparatzeko ere. "Beldurra, lotsa eta ezjakintasunari aurre egiteko balioko digu tailer honek, eta, gainera, sormena garatuko dugu euskaraz", azpimarratu dute antolatzaileek.
Lehenengo topaketa urriaren 26an, eguaztenean, izango da, 19:15etik 21:00etara, eta Garazi Basterretxea hurbilduko da lehen saio horretara, aurtengo formatua eta zalantzak argitzeko asmoz.
Hurrengo saioak Villamonte kultur etxean izango dira, eguaztenetan, 19:15etik 20:45era, hurrengo egunetan: azaroak 16, abenduak 14, urtarrilak 18, otsailak 8, martxoak 15, apirilak 19 eta maiatzak 10.
Izena eman gura dutenek 619 935 541 telefonora deitu edo egizugetxo@gmail.com helbidera idatzi behar izango dute.