Munduko bigarren urtetsuena ere bada

Iberiar penintsulako cetia errekatxindor zaharrena bizi da Bolue hezegunean

Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 19:14
Emea da Getxoko errekatxindorra. © GETXOKO UDALA

Bolueko hezegunean bizi den errekatxindor (Cettia cetti izen zientifikoa) eme bat, ezagutu eta datatutako espezie bereko alerik urtetsuena bihurtu da iberiar penintsulan eta bigarrena munduan, hegaztiak eraztuntzeko Europako programak koordinatzeaz arduratzen den erakundean (Euring) dauden erregistroen arabera. Oso arraroa da espezie horretako hegazti batek hainbeste urtez bizitzea. 11 gramoko batez besteko pisua eta 57 mm-ko hegaleko batez besteko tamaina ditu.

2012ko uztailaren 25ean jarri zioten eraztuna, Bolueko Ahalegin Iraunkorreko Eraztunketa Estazioan, Udalaren Ingurumen Sailak finantzatzen duena, eta ordutik, urtero harrapatu dute 2021era arte – berriz harrapatu zuten azken unea iazko urriaren 2an izan zen, Hegaztien Munduko Eguna zela-eta, hau da, eraztuna jarri eta 9 urte, 2 hilabete eta 7 egunetara –, hezegunearen hainbat lekutan (batez ere lezkadiaren ertzean kokatutako sareetan) eta urtaro guztietan; eta horrek adituei pentsarazten die inguru horretan bizi den hegaztia dela nagusiki. Gainera, sei aldiz (2013, 2016, 2017, 2018 eta 2019an) berriz harrapatu zuten, kumeak hazten ari zen unean.

400.000 eta 2 milioi bikote artean Europan

Errekatxindorra txori txiki bat da, diskretua eta potolo itxurakoa, kolore arre-gorrizta eta bekain zurbil oso deigarria duena. Zaila da behatzea, baina oso erraza da bere kantu nahastezin eta ozena antzematea. Landarediaren artean mugitzen denean, buztana altxatu eta zabaldu egiten du maiz. Oso biztanle bereizgarria da ibaiertzetan, eta landare-estalki handiko eta landaredi marduleko baso eta hezeguneetan bizi da, betiere uretatik hurbil.

Behe-altueran ibili ohi da, lezkadiek, sasiek edo ibaiertzeko beste sastrakadi batzuek osatzen duten landaredi trinkoaren artean. Ornogabe ugarigaz elikatzen da; batez ere intsektuak jaten ditu, horietako asko uretakoak.

Umatze-aldian, martxotik uztailera zabaltzen den aldia, urtean bi errunaldi ere egin ditzakete. Habia arrak egiten du, eta hutsune txiki bat da, elkarri lotutako adaxkak eta orri meheak dituena, eta lumaz estalia. Errunaldian bi edo bost arrautza gorrixka ipintzen ditu, eta emeak 16 egunez txitatzen ditu. Txitak, ia amak bakarrik zaintzen dituenak, 14-16 egunen buruan hegan egiten hasten dira eta hilabete baten buruan independenteak dira.

Espezie arrunta da, eta eremu zabalean bizi da, Europako hegoaldean, Afrikako ipar-mendebaldean eta Ekialde Hurbilean, eta Asia mendebalderaino (Afganistan eta Turkestan) iristen da. Europan 400.000-2.000.000 bikote daudela zenbatetsi da, eta horietatik 100.000 Espainiako Estatuan bizi direla uste da. Hegazti horren populazioak egonkor dirudi, eta baliteke azken urteetan zertxobait gora egin duela; eta, beraz, ez da uste arriskuan dagoenik.

Errekatxindorrarentzat arrisku nagusiak dira ibaiertzeko landaredia galtzea edo degradatzea (garbiketengatik, kanalizazioengatik eta dragatzeengatik, mozketengatik, suteengatik, etab.) edo baldintza klimatiko txarrak (batez ere negu gogorrak).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun