Lope de Vegako auzia

Lope de Vega kaleko obra-hesiak kentzea, eraikina zabaltzea eta ingurutik polizia joatea eskatu du Romo Plataformak

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 24a, 18:56

Eraisketari Ez - Romo Plataformak idazki bat bidali dio Getxoko Udalari esateko "ez duela zentzurik" Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak hesituta egotea. Hala, hesia berehala kentzeko eta eraikina zabaltzeko eskatu du.

Plataformak gogoratu duenez, joan den abuztuan obra-hesi bat jarri zuen Udalak Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko udal-eraikin horien inguruan, azpiegitura eraisteko lehen urrats gisa. Hala ere, auzokideek azpimarratu dutenez, bi hilabete igaro dira, eta ez da eraisketarik egon. Hori dela eta, hesia kentzeko exijitu dute.

Era berean, talde horretako kideek deitoratu dute eraikina zigilatuta dagoenez, Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek ezinezkoa dutela ordura arte bertan egiten zituzten jarduerak egiten jarraitu. Ildo horretan, eraikinaren ateak berriro irekitzeko eskatu dute, auzoko jarduera soziokulturalak egiten jarraitu ahal izateko.

Azkenik, salatu dute hesia jarri zenetik poliziaren presentzia "etengabea" dela inguruan, "delitugile-auzo bat balitz bezala". Horren harira, plataformak azpimarratu du auzoko bizilagunek "adore eta kemen handia" erakutsi dutela auzoaren interesak defendatzearen alde, "baina betiere erantzukizunetik eta hiritartasunetik abiatuta". Hala, indar publiko horiek auzoan egotea soberan daudela ondorioztatu du Romo Plataformak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun