Ahots eta errepertorioen aniztasuna da programa honen ezaugarri ezagunenetako bat. Zaleek konposizio klasikoak, garaikideak, herrikoiak eta musika erlijiosoa entzun ahal izango dituzte, besteak beste. Errepertorioen aberastasunaz gain, talde gonbidatuen kalitatea azpimarratu behar da, partaideak nazioarteko jaialdi eta zikloetan zenbait sari eskuratu dituzte eta.
Bihar, eguenean, abiatuko da Aste Korala, Adolf Fredrik 's Girls Choir Stockholmeko Adolf Fredrik Musika Eskolako neskatoen abesbatzaren eskutik. 1972an sortu zuen Bosse Johanssonek, eta korua ia 40 urtez zuzendu zuen. Koru hori ezaguna da bere ahots kalitateagatik, eta, horren ondorioz, sari ugari jaso ditu Suedian zein atzerrian, esaterako 2019ko Europako Haur Abesbatzen Lehiaketan lortutako lehenengo saria. Getxoko emanaldian euskal eta suediar konpositoreen kantak eskainiko dituzte.
Barikuan, Brigham Young University (BYU) Singers-en txanda izango da. Andrew Craneren zuzendaritzapean, 40 ahotsek osatutako Estatu Batuetako ganbera-abesbatza mistoa da hori, eta 1984an sortu zuen Ronald Staheli zuzendari eta konpositoreak. Abesbatzak ia musika genero guztietako piezak zein kantu koralerako idatzitako obra originalak ere interpretatzen ditu. Jaso dituen sarien artean, aipatzekoa da 2021ean Aegis Carminis gazte Abesbatzen Nazioarteko Jaialdian jasotako Sari Nagusia. Besteak beste, konpositore estatubatuarren eta euskal musikagileen lanak abestuko dituzte.
Azkenik, zapatuan, urriak 29, Punkt abesbatzak borobilduko du aurtengo egitaraua. Punkt 25 ahotsek osatutako koru misto txekiar bat da. Zuzendaritza-ikasleek Pragako Kontserbatorioan abesbatza sortu zuten, kantu koralean interesa zuten gazteentzako, euren konposizio propioak interpretatzeko helburuagaz. Gaur egun, abesbatza lan esperimentalagoetan zentratzen da, hala nola soinua eta mugimendua uztartzen dituzten piezetan. Besteak beste, koru misto onenaren saria eta lehiaketako abesbatza onenaren saria eskuratu ditu Choralia 202 lehiaketan. Getxon, bere herriko musikagileen kantak zein beste jatorrizkoak eskainiko dituzte pieza herrikoiakaz batera.