Zerbitzu berria abenduaren hasieran jarriko dute martxan, eta sistema horretako bazkideak zerbitzu berriaren hasiera-data baino lehen abisatuko dituzte, baita ezarriko dituzten aldaketa txikien berri eman ere. Bilbon dagoen sistemaren antzekoa izango da, bizikleta mekanikoakaz. BizkaiBizi ezarri arte egongo da erabilgarri, bizikleta elektrikoak mailegatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta bederatzi udalek, horien artean Getxokoak, sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza den zerbitzu publikoa.
Udalerri barruan edo Itsasadarreko udalerrien artean egiten dituzten eguneroko joan-etorrietan, herritarrei bizikleta erabiltzea errazteko jarriko dute martxan BizkaiBizi. Lehen fase batean, 2023 eta 2026 artean abiatuko da, 600 bizikleta elektrikogaz eta 75 karga-estaziogaz, non erabiltzaileek bizikleta jaso eta entregatu ahal izango duten.
Gaur egun, GetxoBizik 2.500 erabiltzaile baino gehiago ditu jardunean, eta urtean 850 dira noizbehinkakoak, batez beste. Urte hauetan 246 bizikletaz osatutako ibilgailu-parkea izan du.
Gaur egungo sistema 2016ko urtarrilean jarri zuten martxan, eta, ordutik, 171.000 mailegu baino gehiago egin dira udalerrian banatutako 19 estazioetatik.