Venancio unitateko udal-lurzoruaren % 60 babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetarako bideratuta egongo dela ziurtatu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 27a, 18:37
Iturribarriko babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak. © GETXOKO UDALA

Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitza Arloko zinegotziak jakinarazi duenez, Getxoko 37.1-Venancio unitateko udal-lurzoruaren % 60 babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetarako erabiliko da. Hala azaldu du gaurko osoko bilkuran EH Bilduk lursail horren salmenta bertan behera uzteko eskatzen duen mozio bati erantzunez. Mozioa ezetsi du Udalbatzak.

EH Bilduren arabera, "Udalak ez ditu behar lursail horren salmentatik irabaziko dituen 2,5 milioi euroak, gerakina baitauka diruzaintzan; alabaina, alokairuko eta alokairu eskuragarriko etxebizitzak eraiki beharrean, nahiago du hura saldu eta salmenta libreko etxebizitza pribatuak eraiki”. Eta hauxe eskatu du koalizioak: “Udalak sustatzaile gisa jardun dezan eta ahalik arinen jarri dezan martxan bai gizarte-laguntzako alokairuko etxebizitzak bai alokairu eskuragarriko etxebizitzak barne hartzen dituen proiektua”.

Argudio horiek partekatzen dituzte Elkarrekin Podemosek eta PPk. Azken talde horrek kritikatu duenez, "babestutako etxebizitzak iragartzen dira, baina ez dira inoiz iristen, eta lurraren salmentaren dirua ez da inoiz etxebizitza babestuetara itzultzen".

Bestalde, Etxebizitzako zinegotziak ziurtatu duenez, "unitate horretako udal-lurzoruaren % 60 gizarte-babeseko alokairuko etxebizitzetarako erabiliko da”. EAJk eta PSE-EEk gogoratu dute partzelen salmenta Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan etxebizitza-politikak garatzera bideratuta dagoela. “Lurzati hori saltzearen helburua da lurzoruaren udal-ondareari beharrezko baliabide ekonomikoak ematea, besteak beste, babes ofizialeko alokairuko etxebizitzen eraikuntza finantzatzeko, udal-ogasunak dauzkan ohiko baliabideetan eraginik izan gabe, horren kaudimena eta jasangarritasuna bermatze aldera”.

Era berean, gogoratu dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) agintzen duela hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren % 66 babes publikoko etxebizitza eraikitzeko gordetzea. “Planifikatutako hiru etxebizitzatik bi getxotarrei eskainiko zaizkie, batez ere gazteei, hazi diren udalerrian etxebizitza bat izateko aukera, eta beste batzuei, berriz, ez hain gazteei, nahi izanez gero itzultzeko aukera”.

Aipatutako egikaritze-unitatearen bi lurzati daborduko babes publikoko etxebizitzetarako erabili dira, Eusko Jaurlaritzagaz egindako hitzarmen baten bidez, eta bietan egongo dira babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak (54, zehazki); gaur egun horien lizentzia izapidetzen ari da.

Komun publikoak areagotu

Horrez gain, Udalbatzak onartu egin du udalerriko auzo guztietan komun publikoen sarea jartzeari buruzko mozioa. PPk aurkeztu du hori, eta EH Bilduk zuzenketa osagarria jarri dio. Hala, osoko bilkurak adostu du komunak behar bezala seinaleztatzea eta garbiketa-zerbitzua indartzea beharrezkoa denean, bai eta gauez irekitzeko ordutegiak luzatu ere.

Alderdi guztiek aldeko botoa eman dute, eta EAJ eta PSE-EE alderdiak abstenitu dira esanez horretan ari direla lanean, eta ziurtatu dute aurrera doazela honako toki hauetan komunak jarri edo birgaitzeko lanak: Areeta, Bola nahiz Ereaga hondartzak; Aixerrotako pasealekua; San Nikolas plaza; Gernika parkea; eta Bizkaia Zubia. "Halaber, aipatzekoa da San Ignazio parkean eta Galeako pasealekuan komunak jarriko dira laster eta etorkizunean ere jarriko direla Areetako Geltoki plazan", azaldu du gobernu-taldeak.

Halaber, Elkarrekin Podemosen mozio bat onartu dute, Udalak Hautazkoa Ez den Bakardadearen aurkako Udal Plan Estrategikoa egin dezan, besteak beste, udalerrian inplikatuta dauden sektore eta eragile guztien parte-hartze aktiboarekin. Udal-gobernuak arlo horretan aspalditik egiten ari diren ekintzen berri eman du.

Azkenik, nabarmendu behar da bilkura honetan Idoia Aranguren Onaindia EH Bilduko zinegotzia karguaz jabetu dela, Itxaso Maseda Saratxo ordezkatuz, zeinak uko egin baitzion karguari.

Herritarren galde-eskeen txandan, Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxeko eta Andra Mari Gure Lurra Elkarteko ordezkariek hartu dute parte, besteak beste, lehengo Nagusien Etxea eraistearen eta HAPOren aurrean, hurrenez hurren, euren interesak defendatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun