Bosteko erakusketaren hogeita bosgarren edizioa, Habitar/Bizi izenekoa, Getxora heldu da, Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubio artisten lanakaz. Amorebieta-Etxanoko, Arrigorriagako, Basauriko, Getxoko eta Leioako udalek Aldundiaren laguntzagaz antolatzen duten erakusketa ibiltaria azaroaren 17ra arte arte egongo da Getxon.
Pertsonok espazioa nola bizi dugun eta horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortu da Habitar/Bizi erakusketa. Hauek dira proiektuan parte hartu duten artistak: Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972), denak EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak. Erakusketa honek artista bakoitzaren lanetik hurbil dagoen begirada eskaintzen du, bilaketa plastikoa da, arkitektura bizi eta hautematetik sortutakoa.
Espazioaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, gure existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten eremuak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko.
Izaskun Alonso Saratxagak hiru ikuspegitatik heltzen dio pinturari: mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena. Hiru jarrera horiek bere giza praktika definitzen dute, eta, ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako espazioak bere izateari uzten dio, eta paisaia bihurtzen da.
Mikel Garate Aracamak argazki-irudiak memorian uzten duen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira haietan gertatzen dena behatzen dutenen aurrean, onirikoaren eta oroimenaren arteko fenomenoa da.
Bere lanen bitartez, Jorge Rubio Pinedok ohartarazten digu beharrezkoa dela gizakien babeslekuak sortzea, hobetzeko habitatak, non pertsonek geure burua babestu eta hazi ahal izango dugun. Askotan, obraren eta obra behatzen duenaren arteko komunikazioa errazten duten narrazio-elementu ezaguterrazak erabiltzen ditu.
Horrela, bada, Bosteko erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko imajinarioa sortzen da. Izaskun Alonso Saratxagak, Mikel Garate Aracamak eta Jorge Rubio Pinedok bizitzeari buruz planteatzen dituzten askotariko begiradek bat egiten dute erakusketa honetan, zeina arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena baita.