Geroa ikastolak jasoko du aurten Argia Ereiten Euskara Saria

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 18:51

Getxoko Geroa ikastolak bere 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta, hori goraipatzeko zein euskararen aldeko konpromisoa aitortzeko, Argia Ereiten Euskara Saria jasoko du. Getxoko Udalak urtero ematen duen sariak euskararen gizarte erabilera sustatu eta hedatzeko egindako lana aitortzen du, eta sari-emate ekitaldia Muxikebarrin ospatuko dute datorren azaroaren 17an, eguenean, 20:00etatik aurrera. Pozik eta ilusioz hartu dute sariaren berri Geroa ikastolan, 1979tik aurrera berton lanean eta egun zuzendaria den Loli Hernandezek aitortu duenez, “guretzat hainbat urteetan jende askok egindako ahaleginaren eta lanaren errekonozimendua delako”.

Ikastola gehienakaz gertatu bezala, Geroa ikastolaren sorrera ez zen erreza izan 70ko hamarkadaren hasieran. Bere lehen urratsak Algortako San Nikolas ikastolagaz lotuta eman zituen, Egunsentia izenpean, orduko Haur Hezkuntzako talde bategaz (20 ume eskas), Venta inguruko herritar baten etxean, eta, ondoren, Itxas Argia taldeak Malakaten utzitako lonja batera pasa zen. Handik familia batzuek erositako Orduña kaleko lonja batzuetara joan zen, eta 83/84ko ikasturtean Udalak utzitako antzinako Santa Maria eskolara. Hamar bat urtetan bi tokitan banatuta egon zen, eta gero ikastolak publiko izateko erabakia hartu zuenean, Hezkuntza Sailak Maidagan kalean ireki zuen eraikin berrira joan zen. Hainbat urte igaro ondoren, talde guztiak batu ziren eremu horretako bi eraikinetan.

Bere ibilbidean bigarren aldiz zuzendaria den Loli Hernandezek hasieratik ezagutu ditu ikastolaren sorrera eta bere une garrantzitsuak Andra Mariko auzokidea delako. Horregatik uste du "gakoa" izan zela garai horretan Venta inguruan ikastolak Isla familiak utzitako lokalean hainbat urtetan izandako taberna herrikoia, diru iturburua izateaz gain, herri kutsua zuen gunea izan zelako, eragile sozialen inplikazioagaz.

Beste une aipagarri bat izan zen San Nikolas ikastolaren menpekotasun legaletik aldentzea eta nortasun propioa legalki edukitzera pasa zenean, horrek eskatu zuelako leku gehiago, bestelako antolamendua, eta langile gehiago.

Beste bat ikastola guztiek publiko izan ala Ikastolaren Elkartean geratzea erabaki behar izan zutenean izan zen. “Ikastolak bere berezitasunengatik erabaki zuen sare publikora jotzea, eta ondo irten zen. Gainera, hemen ez zen apurketarik egon, ezta arazorik ere. Nahiz eta familia batzuek ados ez egon, bat egin zuten, ikastolan jarraitu zuten, eta horrekin erakutsi zuten garrantzitsuena ikastola bera zela, nortasun juridikoaren gainetik”, azaldu du zuzendariak. 

Auzoan errotutako ikastola

Geroa ikastola oso errotuta egon da beti Andra Mari auzoan. “Umeek sentitzen dute ikastola lotuta dagoela auzoarekin. Gure ikasleak, salbuespenak salbuespen, ingurukoak dira eta horrek aukera ematen du eskolak amaitzen direnean familia giroan jarraitzeko. Ikastola zabalik mantentzen dugu harreman dinamika horri jarraipena eman ahal izateko”. Ikastolan egun 238 ikasle, 22 irakasle (batzuk ikasle izandakoak) eta oso inplikatuta dauden familiak daude.

Ikastolak gaur egun berezitasun batzuk ditu. Bata, proiektuen bidez lan egitea da, gehien bat oso errotuta dagoena Haur Hezkuntzan. Beste berezitasun bat da irakaskuntzaren digitalizazioa. “Eta betidanik ardatza izan dena euskararen erabileraren alde lan egitea da. Orain gazteak diren familiengan euskaldun kopuruak gora egin du, baina hizkuntzari begira era guztietako familiak ditugu, eta ahalegin handiak egiten ditugu proiektu sendo batekin hizkuntzaren erabileraren normalizazioa lortzeko. Euskara ikasteko eta bizitzeko hizkuntza da eta ikasleei jarduerak eskaintzen dizkiegu hori lortzera laguntzeko”, azaldu du Hernandezek.

Ospakizunak

50. urteurrena ospatzeko, ikasturte osoan zehar ekintza desberdinak antolatuko dituzte, eta ikasturtearen amaieran ospakizun handi bat egingo dute. Batzorde bat sortu dute horretarako, kolektibo guztien partaidetzagaz. “Guztiekin batera ospatuko dugu, eta ahal badugu ez bakarrik orain daudenekin; orain gauden lekuan, gauden moduan eta daukagun proiektua dugu aurreko 50 urteetan beste hainbatek lan egin dutelako. Hau bide bat da eta gu heldu gara bide honen puntu honetara aurretik egon direnek lan egin zutelako, eta horregatik ahal dugun neurrian horiekin guztiekin ere ospatuko dugu. Modu bat bilatzen ari gara ahalik eta ikasle, irakasle eta familia gehienarekin partekatzeko eta ospatzeko“, nabarmendu du Loli Hernandezek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun