Proban parte hartzeko itxaron-zerrendak gora egiten du urtetik urtera, baina berriro 24 surflarik parte hartu ahal izango dute. Aurretiko hautaketan, antolatzaileek honako surflari famatu hauen interesa izan dute: Lucas Chianca brasildarra, Alex Botelho portugaldarra, Nic Lamb estatubatuarra, Grant Twiggy Baker hegoafrikarra (hirutan munduko txapelduna) eta Justine Dupont frantsesa, lesioa dela-eta iaz parte hartzerik izan ez zuena.
Zerrenda osatzeko, tokiko 12 surflari izango dira, baina horien behin betiko zerrenda laster emango dute ezagutzera; hain zuzen ere, batzorde antolatzaileak eta surflarien kolektiboak berak hautatuko dituzte. Horietako bat, Getxo Surf Taldeko Endika Ruiz, gaurko prentsaurrekoan izan da txapelketan parte hartuko duela baieztatzeko. Berarentzat, egia bihurtutako ametsa da: “Galeakoa betidanik asko gustatu izan zaidan olatua izan da niretzat. Eta olatu handietako nazioarteko surflari onenekin parte hartu ahal izateko aukera eman izana amets betea da niretzat”.
Txapelketaren egunean, Getxoko Udalak autobus-zerbitzua eskainiko du beste behin, doan, herritarrak Bidezabalgo metro-geltokitik Galearaino eramateko. Gainera, Galeara hurbildu ezin izango duten pertsona guztiek zuzenean jarraitu ahal izango dute kirol ekitaldi hori streaming bidez.
Amaia Agirre Getxoko alkateak gogorarazi duenez, “txapelketa modalitateko beteranoena da Europako kontinente osoan. Horrek erakusten du surfa oso sustraituta dagoela Getxon eta, neurri handi batean, itsasoko kirolek beren dimentsio guztietan gure udalerrian duten pisu espezifikoa ere azaltzen du: kirola, gizartea, kultura eta ekonomia ere bai. Testuinguru horretan, Surf Herrien Sareak abian jarri berri duen ekimena azaldu behar da; Europako Funtsen diru-laguntza du, eta gure udalerria bertako kide da Kantauriko beste 5 herrirekin batera. Halaber, hor daukagu Getxo Itsas Hub izenekoa, garapen ekonomikoaren eta ongizatearen iturri gisa itsasoko kirolak eta irristatzekoak sustatzerako orduan udalaren eta erakundeen arteko gure apustu estrategikoa ondo islatzen duen zentroa”.
Bestalde, Laboral Kutxako babesletza eta gizarte-ekintzako lurralde-arduraduna den Jose Ramon Tarancok, alde batetik, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du, eta, bestetik, bere erakundeak ingurumenagaz duen konpromisoa. “Denok jarri behar dugu gure aldetik, CO2 isuriak gero eta txikiagoak izan daitezen eta itsasoan kirola egiten jarrai dezagun. Niri gustatuko litzaidake 2100ean olatu handiak hemen jarraitzea”, esan du.