Getxoko EH Bilduk salatu du HAPO barriak eraikuntza masiboa, espekulazioa eta lo egiteko herriaren eredua bultzatuko duela

Erredakzioa 2022ko ira. 12a, 18:40
© EH BILDU GETXO

EAJk eta PSEk behin-behinean onartuko dute HAPO hilabete honetan, oposizioaren ekarpen gehienak atzera bota ondoren. EH Bilduk berriz ere proposatuko du herri galdeketa bat antolatzeko beharra, "planaren garrantzia eta dimentsioa kontuan hartuta, Zubileta edo Andra Mari bezalako eremuetan ingurumenean eragin larriak izango dituena".

Getxoko EH Bilduk gaur iragarri du Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) inguruan izango duen jarrera. Koalizioak ohartarazi duenez, planak "porlanaren aldeko eredu zaharkituaren alde egiten jarraitzen du, espekulazioa bultzatzen du eta ez ditu auzoak eta udalerria biziberritzen". Hori dela eta, EAJ eta PSEren gobernu-taldeak defendatuko duen testuaren aurka bozkatuko du.

Andra Mari kiroldegiaren aurrean egindako aurkezpenean, EH Bilduko zinegotziek eta kideek azpimarratu dute Getxoko HAPOk ez duela hobekuntzarik proposatzen getxoztarren bizitzarako, euren lehentasuna urbanizazio urbanistiko berriak egitea baino ez da.

"Ez du inolako hobekuntzarik planteatzen Algortako, Romoko edo Areetako hiriguneetan; ez du ekintzarik planteatzen auzoak biziberritzeko; eta ez du aurreikusten merkataritza txikia edo mugikortasun jasangarria bultzatzeko jarduerarik". EH Bilduk gogorarazi duenez, HAPOk ez du zertan promozio urbanistiko berriak eraikitzera bakarrik bideratuta egon: "HAPO da gure herriaren etorkizuna definitzeko tresna nagusia. Getxoztarren bizi-kalitatea hobetzen saiatu beharrean, errezeta zahar eta eredu zaharkituekin jarraitzen dute eta espekulazioari ateak irekiko dizkiote ".

Espekulazioa eta eraikuntza masiboa da, zalantzarik gabe, HAPOren puntu eztabaidagarrienetako bat. "Gobernu Taldeak espekulatzaileen eskakizunei mesede egin die", salatu du EH Bilduk. HAPOk hirigintzako planeamendu berriak planteatzen ditu Muru, Dilizgoikoa, Zubileta, Tosu... bezalako eremuetan, guztira 4.500 etxebizitza, horien artean etxebizitza libre, tasatu eta babestuak.

"EH Bilduk berriz ere adierazi nahi du gure lehentasun osoa udal jabetzako alokairu sozialeko etxebizitzek izan behar dutela, eta beste interes espekulatibo batzuk alde batera utzi behar dituztela, etxebizitzarako eskubidea bermatzearekin zerikusirik ez dutenak". Gainera, gogorarazi dute etxebizitzaren arazoaren konponbidearekin batera beste politika batzuk ere gauzatu behar direla, hala nola etxebizitza hutsen aurkako neurriak, alokairuen prezioa mugatzea, bizikidetzarako modu berriak, etxebizitzak birgaitzea eta bereiztea, edota Udalaren jabetzako alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko Udal Etxebizitza Bulegoa sortzea. "Getxok badu horretarako ahalmen ekonomikoa, baina lehentasun kontua da. Aurrekontua dugu eraikin faraonikoak eraikitzeko, baina ez sustatzaile pribatuen interesetatik kanpo dagoen alokairuko etxebizitza babestua bultzatzeko. Benetako etxebizitza-plan bat behar dugu, baliabidez hornitua, eta horren alde ez dute inoiz egin ez EAJk ez PSEk ".

Era berean, EAJk eta PSEk bultzatzen duten herri eredua lo egiteko herriarena dela kritikatu dute, hirigunetik urrun dauden urbanizazioekin, merkataritza eta komunitate sarea sortzeko aukerarik gabe. "Ez da saltoki txikiak sustatzeko neurririk planteatzen; aitzitik, Martiturri bezalako eremuetan merkataritza-gune handiak irekitzeari atea irekitzen zaio". Gauza bera gertatzen da mugikortasun jansangarriaren kasuan. HAPOk ez du oinezkoentzako gune berririk planteatzen, eta ez dute bidegorrien sarea handitzearen edo Getxobus bezalako ekimenak abiaraztearen aldeko apustu irmoa egiten, nahiz eta oraindik ere garraio publikorik ez dagoen eremuetan eraikitzeko asmoa duten. Gainera, hiriguneetan lurpeko aparkaleku berriak proiektatzen jarraitzen dute, herriaren erdigunean ibilgailu pribatuaren erabilera bultzatuz eta etorkizunean oinezkoentzako aparkaleku berriak hipotekatuz, eta hori guztia Txiki Otaegiko aparkalekuak hutsik jarraitzen duen bitartean.

HAPOk aurreikusten dituen planeamenduek, gainera, ingurumen-eragin handia izango dute Andra Mari inguruan, Getxori geratzen zaion inguru natural bakarrenetarikoan milaka etxebizitza eraikitzea aurreikusten duelako. "EH Bilduk gure ingurune naturalaren babesa defendatzen jarraituko du, Azkorri, Mimenaga eta Larrañazubi lotzeko eraztun berde bat sortzeko proposamenarekin". Beharrezkoak dira ingurumenarekin bizitzen dakien eta komunitate-errotzea garatzen duen herri-eredu bat sustatuko duten politikak, auzo-bizikidetzari mesede egingo diona, gure auzoak bizitzeko leku egoki eta atseginak bihurtuko dituena.

Herriko ondare historikoari dagokionez, EH Bilduk presio egingo du ahalik eta kategoria handieneko eraikin babestuen katalogoa handitzeko, Algortako Haurreskola, Romoko Nagusien Etxea, etab. bezalako eraispenak saihesteko.

EH Bildu datorren irailaren 30eko osoko bilkuran aurkeztuko duten alegazio sorta bat lantzen ari da, eta bertan "agerian geratuko da beste aukera bat posible dela, beste herri eredu bat bultza daitekeela gure espazio naturalak zainduz, alokairu sozialeko etxebizitzak lehenetsiz eta gure auzo eta denda txikien bizitza bultzatuz". Planaren eragina eta dimentsioa kontuan hartuta, EH Bilduk berriro planteatu du beharrezkoa dela herritarren parte-hartzea sustatzea, eta ez soilik legeak ezartzen dituen gutxienekoetara mugatzea: "Berriro diogu herri-kontsulta bat antolatu behar dela, kontuan hartuta HAPOk Getxoko etorkizuna baldintzatuko duela. Gobernu Taldeak horretarako tresnak ditu, borondatea baino ez da behar, legeak baimentzen duelako".

Oraingoz, EAJk eta PSEk uko egin diote, nahiz eta herritarren parte-hartzea izan zuten lantaldeak 2014an bildu ziren azkenekoz, hau da, duela zortzi urte. Horren adibide da Salsiduko bizilagunek bizi duten egoera; izan ere, HAPOk euren etxebizitzak eraisteko asmoa duen arren, ez zaie plana idatzi aurretik kontsultarik egin eta ez zaie Gobernu Taldearen egungo asmoen berri eman.

Datozen asteetan, EH Bilduk HAPOaren inguruan lantzen ari den proposamen eta alternatiba zehatzak argitaratuko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun