Emakumeenganako indarkeria salatzeko hainbat ekintza hartuko ditu egunotan Getxo udalerriak

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 17:23
Puntu moreak jarri dituzte udalerriko hainbat puntutan. © GETXOKO UDALA

Aurten eraildako emakumeak ikusaraztea izango da Getxoko Udalak azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako jardueren helburua. Hala, kanpainak desberdintasun-harremanen ondorioz sortzen den indarkeria salatuko du. Halaber, tokiko elkarteek hainbat ekitaldi egingo dituzte egunotan.

Horretarako, Getxon hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunotan, besteak beste, sentsibilizazio interaktiboko ekimen bat, azaroaren 25ean bertan aurkeztuko dutena. Hori, egun horretatik hilaren 28ra, Algortako Telletxe plazan egongo da, eta azaroaren 29tik abenduaren 1era, Ibaiondo kalean, Romo eta Areeta artean.

Aurretik, hilaren 23an, eguaztenean, 18:00etan, “Violencia obstétrica como violencia machista” izeneko solasaldia egingo dute Getxo Elkartegian (Areeta), Esku Hutsik Euskadiko jaiotza inguruko dolu-elkartearen laguntzagaz. Bertan, Nerea Azkona eta Itziar Eizmendi bideratzaileek emakumeek batzuetan jasaten duten indarkeria obstetrikoa prebenitzea eta desagerraraztea landuko dute, batzuetan ez baitituzte eskubideak dituzten paziente gisa tratatzen. Sarrera irekia izango da eta haurtzaindegi zerbitzua egongo da, aurretiko izen-emateagaz 944 660 136 zenbakira deituta edo berdintasuna@getxo.eus helbide elektronikora idatzita (azaroaren 21era arte).

Gainera, urtero bezala, azaroaren 26ra arte, puntu lila duten pankartak jarri dituzte udaletxean, Santa Klaran eta San Nikolaseko liburutegian. Gainera, Udalak, udalerriko merkatarien elkarteen laguntzagaz, puntu morea duten txapak eta eskumuturrekoak banatuko ditu, "ikur hori indarkeriaren aurkako konpromiso aktibo gisa erakustera animatzeko". Era berean, hilaren 21etik 27ra bitartean, udal igogailuak eta Zugatzarte pasealekua morez argiztatuta egongo dira.

Elkarteek antolatutako ekitaldiak

Udalerriko elkarteek antolatutako ekintzen artean, Gizatiar elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu hilabete osoan zehar, besteak beste, bideo forum bat gaur, eguaztenean, Asun Cassasola, Nagore Laffageren amarekin (Iruñean 2008ko uztailean eraildakoa), Arquetipos de mujer lanaren antzezpena barikuan, hilaren 18an, eta Amelia Tiganusen hitzaldia martitzenean, hilak 22. Ekitaldiei amaiera emateko, urteroko elkarretaratzea egingo dute azaroaren 25ean, 19:30ean, Bizkaia Zubia plazako puntu lilan.

Bestalde, egun horretan bertan, baina 12:00etan eta Algortako Telletxe plazan, Sortarazi entitateak irakurketa bat egingo du, bertako emakume erabiltzailek, langilek eta boluntariok eginda, eta minutu bateko isilunea ere gordeko du.

“Gustatuko litzaiguke azaroaren 25aren inguruan kanpainarik egin behar ez izatea, baina gaur egun ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako konpromisoarekin eta borrokarekin jarraitzea, eta, aldi berean, Berdintasun-politikak bultzatzea eta jarduera-protokoloak garatzea indarkeria matxisten biktima diren emakumeak hartzeko eta babesteko, eta, gainera, horien erreparazioaren alde lan egiteko ere”, Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez.

Ildo horretan, zinegotziak gaineratu du “Getxoko Udaletik bete-betean sartu nahi dugu sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpaina honetan, emakumeen aurkako indarkeria pertsona guztioi dagokigun arazo sozial larria baita. Emakumeen aurkako indarkeria matxisten egiturazko zati diren jarrera sexistak identifikatzen, ikusarazten eta horri buruz hausnartzen jarraitu behar dugu. Horiek emakumeak izateagatik emakumeen aurka egiten diren indarkeria matxisten egiturazko zatia dira”, azaldu du Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun