Getxoko gobernu-taldeak 120 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2023rako

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 17:51

Getxoko Udalak 120.364.277 euroko eurrekontua izango du 2023an, aurten baino 2 milioi gehiago, hain zuzen ere. Gobernu-taldeak aurkeztu du proiektua, "proposamen zuhurra eta jasangarria, sozialki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez". Kontuak osoko bilkurak onartu beharko ditu datorren abenduaren 23an, baina, aurreikusita dagoenez, jeltzaleen eta sozialisten gehiengo osoaren babesagaz aurrera aterako dira.

Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez, "aurrekontu hauek izaera sozial argia dute". Adibide gisa, atal horretara 10 milioi baino gehiago bideratuko dira. Agirrek inbertsioak ere azpimarratu ditu, nahiz eta kapitulu horretan gastu-zifra (10 milioi) aurtengo zifraren azpitik egon (13 milioi).

10 milioi baino gehiago inbertsioetan

Inbertsioen kapituluan, 2023rako partaidetza-aurrekontuen prozesua integratu dute, milioi bat eurogaz honako jarduera hauek lehenesten dituena:

  • Parkeak berritzea eta horietako bat estaltzea ……………….……………….…..446.000 euro.
  • Espaloiak eta galtzada-pasabideak hobetzea eta kaleak asfaltatzea………200.000 euro.
  • Bidegorriak hobetzeko jarduerak……………….………………………………………250.000 euro.

Inbertsioak ez diren arren, aurrekontu parte-hartzaileetatik eratorritako beste bi ekintzari ere ekingo diete:

  • Haurren kultur eskaintza zabaltzea eta kultura haurtzarora hurbiltzea….. 130.000 euro.
  • Doako jarduerak eta hondartzetako kirol-elementuak instalatzea…………… 21.250 euro.

Jarduera horiei, besteak beste, inbertsio hauek gehitzen zaizkie:

  • Jolasgune eta estalki berriak jartzea Arene kalean (zati bat aurrekontu parte-hartzaileek finantzatuta) …………………………………………………………. 1.200.000 euro.
  • Etxebizitzetarako udal-inbertsioak ……………………………………………………. 1.200.372 euro.
  • Aiboa Barria eraikina, udal-azpiegiturak mantentzeko tailerretarako……….1.700.000 euro.
  • Bide publikoan: bide-azpiegiturak, urbanizazioa, estolderia, ur-hornidura, argiteria eta abar……………………………………………………………………………………………….. 4.000.000 euro.
  • Efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzea udal-eraikinetan…….…. 463.770 euro.
  • Jarduerak ikastetxe publikoetan………………………………………………………….… 405.000 euro.
  • Hobekuntzak eta konponketak kiroldegietan………………………………………….. 400.000 euro.
  • Inbertsioak Punta Begoña galerietan…………………………………………………….. 157.396 euro.
  • Modernizazio teknologikorako inbertsioak………………………………………………. 247.000 euro.
  • Inbertsioak ekonomia eta turismoa sustatzeko gune eta ibilbideetan………….. 98.337 euro.
  • Hobekuntzak eta irisgarritasuna Algortako Gaztelekuan…………………………….. 80.000 euro.
  • Udal-liburutegietarako funtsak berritzea…………………………………………………... 43.000 euro.
  • Hobekuntzak tutoretzapeko apartamentuetan…………………………………………... 30.000 euro.
  • Emakumeen Etxeko altzariak…………………………………………………………………… 15.000 euro.
  • Getxo Txukun ekimenaren ondoriozko jarduketak……………………………………. 200.000 euro.

Inbertsio horiei 2022an finantzatutako beste batzuk gehituko zaizkie, hala nola Larrañazubiko Biolehortze Planta. Instalazio horrek materialen bereizketa hobetuko du, hala nola metalikoak, eta berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko prestatzea (materia organikoaren hezetasuna kenduz). Horrek, era berean, foru-plantetan beste frakzio batzuk berreskuratzeko ratioak hobetuko ditu. Jatorrian bereizteak garrantzi handiagoa hartzen duen heinean eta kaleko edukiontzietan jatorrian bereizitako materia organikoa handitzen den heinean, plantaren moldakortasunak konpostaje-planta gisa erabiltzea ahalbidetuko du, bioegonkortutako planta esklusibo gisa duen erabileraren ehunekoa murriztuz.

"Aurrekontua zuhurra eta inflazioari egokitua"

Carmen Diaz Gizarte Kohesio Arloko arduradunak azpimarratu duenez, “aurrekontua % 1,7ko igoerarekin optimizatuko dugu, tasak eta zergak izozteko agertoki batean, 2022an hedatutako politika publikoak sendotuz, herritarrek aukeratutako 5 kultura-, kirol- eta aisialdi-proiektu gehituz; energia-eraginkortasuna hobetuz kontsumoak murrizteko, mugikortasun jasangarrian, espazio publikoen kalitatean eta eraikin publikoetan herritarren gozamenerako, hala nola Emakumeen Etxea, Tangorako Gaztelekua, adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuak, Algortako eta Romoko gizarte-zerbitzuak edo Ikastetxeetan egindako inbertsio garrantzitsuak. Gizarte Arlotik, apustu garrantzitsua egiten jarraituko dugu pertsonak erdigunean jartzeko, gizarte-iraunkortasunaren alde, garapen komunitarioaren bidez, berdintasun-politiken bidez (V. Berdintasun Planaren aurkezpenarekin), harreran parte hartzeko plan berriaren bidez etab. Adinekoei lagunduko diegu eta mendeko pertsonak zainduko ditugu, eta gure gazteak eta hezkuntza-inbertsioak bultzatuko ditugu”.

Bestalde, Ignacio Uriarte Ogasun zinegotziak ere azpimarratu du Udalaren 2023rako aurrekontu orokorrak inflazioaren ondorioak kudeatzea lortuko duela, udal-tasak eta zergak izoztuz eta emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko inbertsio-ahalmena eta prozesuak mantenduz. "Udal-gastu arrunta %5,53 hazten da, batez ere inflazioaren eragin negatiboagatik; hala ere, jarduera ekonomikoa hobetzearekin lotutako udal-diru-sarrerek eta herritarrek kultura- eta kirol-instalazioak gehiago erabiltzeak inflazio-ondorio ekonomikoak xurgatzea lortzen dute".

Horrez guztiaz gainera, 2022an, Udalak erabat ezabatu du maileguen saldoa. Hainbat urteren ondoren, finantza-kostu (interesen ordainketa) nuluagaz eta zorra ezabatzeko plan bat pixkanaka gauzatzeagaz, 2022ko ekainaren 30ean, erabat ezabatu zen, interes-tasen ziklo aldaketa azkartzearekin batera. Uriartek azpimarratu duenez, “0 zorrak aukera ematen du esku libreak uzteko, hurrengo legegintzaldian korporazio berriak egokien iritzitako inbertsio-plana planteatu ahal izan dezan”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun