Zugatzarteko etorbidean (55.aren parean), Makaletako etorbidean (Fadura inguruan) eta Asuako errepidean (Itzubaltzeta/Romoko Errekagane kalearekiko elkargunean) duela hainbat hilabete jarritako hiru radarrak bariku honetan jarriko dituzte martxan, azaroaren 25ean.
Gaiari buruz egindako azterlanek jasotzen duten bezala, hirietan 30 km/h-ko muga ezartzeko segurtasun-arrazoia da harrapaketa batean hiltzeko arriskua bost eta zortzi aldiz murrizten dela oinezkoen talka-abiadura 50 km/h-tik 30 km/h-ra igarotzen denean. Gainera, orduko 30 kilometroko muga izateak ibilgailuek sortzen dituzten karbono dioxidoaren eta partikula esekien emisioak murrizten laguntzen duela gogoratu dute udal-iturriek: "Energia aurrezten du erregai-kontsumoa murriztean eta gidatzeko ohiturak aldatzen laguntzen du".
“30 km/h-ko udalerri bihurtzeko erabakiak gure hiri-ingurunean mugitzeko eta gidatzeko ohiturak aldatzea eskatzen du: hiriko abiadura murriztea, bizikleta bidezko mugikortasunari bultzada berezia emanez, eta oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna handitzea istripu kopurua murriztean. Radar hauen instalazioak norabide berean egiten du lan, eta herritarrei ezarritako orduko 30 kilometroko muga gainditzea galarazten die, trafikoaren lasaitasuna eta bide-segurtasuna areagotzeko. Izan ere, radarrak jarri diren hiru puntuak ibilgailuen joan-etorri handiko kaleak dira, eta, duten konfigurazioagatik, baimendutakoak baino abiadura handiagoak ekar ditzakete”, Keltse Eiguren Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi duenez.