Erkidego mailatik ordea, beste tresna batzuk ere badagoz, LAG esaterako. LAG-ek (Lurralde Antolakuntzarako Gidalerroak) udalerri bakoitzeko lurralde antolakuntzarako muga batzuk ezartzen dituzten tresnak direz. Zentzu horretan, Getxoko Udala arau horietara moldatzera behartuta ikusi dau bere burua, beste udalerri batzuen antzera, eta halandabe, muga horiek gainditu egin dauzela emoten dau Iñigo Galdeano arkitektoaren kalkuluen arabera. Izan be, Andra Mariko kiroldegian jaso zan hitzaldi informatiboan, Alvaro Gonzalez zinegotziak ulertzera eman eban bezala, ahal izan daben guztia urbanizagarri bihurtu egin dabe, teknikoen laguntzaz, edo teknikoetaz baliatuz hobe esanda. Gidalerroei estu-estuki moldatu egin diren beste proba bat, eraikiko direzan babes ofizialeko etxebizitzen kopuruan ikus lei. Getxon, eraikiko denaren % 67a izango omen da babes publikokoa (legediak % 65ekoa behar duela dio), beraz legearen barruan bai, baina haratago joan barik. Aitzakiatzat hiri-kohesionatu bat gura deurela diñoe, baina zergatik orduan ez dituez babes publikoko etxebizitza gehiago ateratzen? Eta zergatik ez deure Neguriko auzoan besteren bat proposatu segregazio horri aurre egiteko? Neure ustez erantzuna argia da. Ez da zintzotasunez jokatzen, interesen menpe baizik.
Bestetik, sektore urbanizagarri berri horietako batzuetan, herriak dekon ondarerik zaharrena agertzen da, Baserria. Gure lurraldean, hain arruntak diren etxalde barreiatuak, eskualdeko landa-paisaiaren etxebizitza tradizionalak eta gure arbasoek euren inguruagaz izandako harremanaren testigu eta emaitza direnak. Ondare historiko, arkitektoniko eta kulturaltzat hartu leikez eta horrelakoetan, hiria zabaltzen danean hain zuzen be; euren testuinguru ekologiko eta paisajistikoa galtzen deure, alegia euskal baserriaren testuingurua eta nortasuna. Adibide hau, hirian enkajonatuak geratzen direnen kasua da, non etxebizitza errespetatzen den eta eraikina ondare historiko legez geratzen den interesdunaren gozamenerako. Baina, larriagoa suertatzen dan beste kasua etxalde hauen eraisketa da, bertoko eraikin tipikoen baztertzea hain zuzen be. Eskualdearentzako kutsu identitario handia gordetzen deurenak direz kasu hauetan, eraitsiak izaten direnak, askotan lau mende zutik daramatzaten arren. Aipatutako sektore hauetan, desagertzeko arriskuan agertzen direz esaterako, Salsidu (1634), Tosutxu (1615), Erederuena (1766) edo Ibartxuena (1785). Hauetaringo batzuk, Uribe Kostako baserrien artean aparteko elementu arkitektonikoak deukiezelarik. Getxoko ondarearen katalogo barriak, baserri eta eraikin aurre-industrial batzuk jasotzen dituen arren, ondiño be ez direz guztien %5era heltzen eta 3. graduko babes basikoa opesten dotzie bakarrik. Udalak garatu gura dauen plan honek, ondare historiko-arkitektoniko eta beraz kulturalaren galera handia suposatu lei herri eta herritarrontzako. Berez, ondare hau be, ikuspegi paisajistiko batetik baliabidetzat ulertu lei, herritarron bizi- kalitatean eta pertzepzioan eragina dekolarik.
Bukatzeko, esan beharra dago gainera, lur ez-urbanizagarrien inguruan kudeaketa nagi bat egin dala. Arlo honetan, gune naturalen eta paisaiaren inguruan ez da inolako akzio planik gauzatu. Aurreko HAPO zaharkituan bezala, honetan bere ezin doguz babes bereziko edota ingurumen hobekuntzara bideratuak egon leizken eremurik bereiztu, bakarrik LAG-ek agintzen deuren kostaldeko interes bereziko paisaia. Honek diñoen moduan eta Euskadiko paisaiaren katalogoan jasotzen dan bezala, udalerri honetako lur batzuk balio paisajistiko eta ekologiko argia deukie. Halanbere udal eta foru aldundiek, askotan praktika eta kudeaketa traketsak egin izan deuriez honek zaindu eta babesteko, interes ekonomiko eta estrategikoak tarteka egon direlarik. Euskal-hiria proiektu globalean sartuegiak omen dagoz, ekonomikoki erakargarriak ez diren eta desagertzeko arriskuan dagozen euskal landa lurralde asko babesten hasteko. Getxoko udalak beraz, trantsiziozko eremu hauek etorkizunean urbanizatzeko aukera zabalik uzten dau. Eta betiko legez, lur hirigarriak inbertsioa eta kapitala erakartzen dauen neurrian, eta etxebizitza eskubide barik negozio hutsa izaten jarraitzen dauen bitartean, diruaren eztiari hurreratuko dakoz betiko liztor-ustelak.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.