Gabonetaz disfrutatzeko hamaika aukera egongo da egunotan Getxon

Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 17:21

Getxoko Udalak, udalerriko hainbat erakunderen laguntzagaz, Gabonetako kanpaina jarriko du abian aurten ere, kaleak, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko, eta getxoztarrei eta gainontzeko herritar guztiei aisialdiko, kulturako, hezkuntzako eta kiroleko jardueren programa zabala eskaintzeko, lana eta familia bateragarri egiteko eta era guztietako publikoak gozatzeko.

Horrela, herriko saltokiakaz elkarlanean, “Gabonetan, hamaika aukera Getxon! - ¡Toda la Navidad en Getxo!” kanpaina egingo da. Saltokiek herritarrak aintzatesteko keinu bat izango dute, eta beren negozioetan erosten dutenei poltsa berrerabilgarri bat emango diete, Higinia Garay artista getxoztarraren ilustrazioagaz. “Horrela, gure saltokiei eta ostalaritzari laguntzeaz gain, sormen- eta kultura-sektorearakaz lotutako ekonomiari balioa eman eta ikusaraziko diogu. Era berean, udal arlo guztiakaz eta tokiko elkarteakaz lankidetzan, aisialdi, musika, kultura eta kirol jardueren programa oso zabala prestatu dugu gustu guztietarako, batez ere herriko txikienentzat; kalitatezko eskaintza da, kaleak dinamizatzeko eta Getxon gozatzeko”, Amaia Agirre alkateak adierazi duenez.

Aurten, 110 merkataritza-establezimenduk parte hartzen dute Gabonetako kanpainan. Getxoko lau artistak (Esti Amo, Belén Lucas, Alex Orbe eta Tesa González) egindako laminak argitaratu dituzte, tirada mugatuko irudiakaz, eta doan emango zaizkie parte hartzen duten saltokietako bezeroei, erosketak egin ondoren. Laminek Mikel Martinez argazkilariaren hiru irudi dituzte, getxoztarra hori ere. 

Gabonetako argiak kalean

Gaur, eguena, abenduak 1, Gabonetako argiak piztuko dituzte Malakate plazan, Andra Marin, eta bertan izango dira Amaia Agirre alkatea eta alderdi politikoetako eta Udaleko Gabonetako kanpainagaz kolaboratzen duten merkataritzako eta ostalaritzako ordezkariak, eta  argazkilaria, ilustratzaileak, baita Itxas Argia elkartekoak ere.

GetxoEnpresaren XXXII. Erakusleiho Lehiaketa

Parte hartzeko modalitateak erakusleiho fisikoa (kanpotik ikusten den guztia) eta erakusleiho birtuala (webgunea eta sare sozialak) dira. Proposamenak abenduaren 10etik 14ra bitartean ebaluatuko ditu profesionalek soilik osatutako epaimahai batek, zenbait sari irabaziko dituzten 40 establezimenduak hautatzeko ardura izango duena. Gainera, gure ingurumena zaintzeko asmoz, ‘Bye Bye Plásticos' sari berezia emango zaie kategoria berezi horretan parte hartzea erabakitzen duten erakusleihoei.

Aurten, berrikuntza gisa, Getxoko herritarrek leihoak eta balkoiak edertzeko aukera izango dute, sariak lortzeko. Abenduaren 12an amaituko da izena emateko epea, eta arte plastikoakaz, grafikoakaz eta dekorazioarakaz lotutako profesionalek eta pertsonek osatutako epaimahaiak ebaluatuko ditu abenduaren 13tik 18ra aurkeztutako proposamenak.

Mapa interaktibo baten bidez, erakusleiho fisikoaren kategorian parte hartzen duten erakusleihoak ezagutu ahal izango dira, eta guneka proposatutako ibilbide batzuen bidez bisitatu ahal izango dira. Ikus: www.getxoenpresa.com.

Romo Bizirik

Romo Bizirik elkarteak, Romo eta Pinuetako 80 negozio baino gehiago biltzen dituenak, 1.000 eurotik gorako balioa duen produktu-sorta handi baten zozketarako loteria-txartelak oparituko dizkie bezeroei. Kanpaina horri atxikitako negozioetan egindako erosketa bakoitzeko, zozketa horretarako loteria-txartel bat oparituko dute. 10.000 txartel egin dituzte, eta bezeroen artean banatuko dituzte abenduaren 21era edo izakinen amaierara arte. Lote osoa txartel irabazle bakar batentzat izango da, eta horren zenbakiak bat etorri beharko du abenduaren 22ko Gabonetako zozketa bereziaren lehen sariaren azken lau zenbakiakaz.

Kaleak dinamizatzeko beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte. Hala, abenduaren 23an, txistulariak izango dira 11:00etatik 13:00etara eta Olentzerok eta Mari Domingik kalejira egingo dute 19:00etatik 21:00etara. Horrez gain, bi pertsonaia ezagunek Romoko sei etxe bisitatuko dituzte; elkarteko kide diren saltokietako bezeroen artean egingo den zozketa bidez hautatuko dira etxe horiek. Kalejira ere egingo da Romoko Musikan eskolagaz, abestiak eta gabon kantak kantatuz. Azkenik, hilaren 29an, 18:00etan, ipuin kontalaria izango da Romo Kultur Etxearen inguruan.

Algortako Dendak

Algortako Dendak elkarteko 54 saltoki animatu dira aurtengo Gabonetako ‘Eguberri musikala’ kanpaina honetan parte hartzera. Aldi horretan, dendak apaingarriz eta Gabonetako musikaz apaintzeaz gain, Getxoko bi musika talde arituko dira negozioak dauden kaleetatik barrena. Abenduaren 23 eta 30ean, 18:00etatik 20:00etara eta abenduaren 24 eta 31n, 12:00etatik 14:00etara. Argibideak: https://algortakodendak.eus/

Oparitu euskaraz

2022ko Euskarazko Produktuen Katalogoak euskarazko eskaintzari buruzko informazio osatua jasotzen du, urtero bezala,  hainbat kategoriatan banatuta: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailuak eta jolasak, komikiak eta gurasoei zuzendutako produktuak. Katalogoak bi atal ditu: bata 12 urtera arteko haurrei zuzendutakoa, eta bestea 12 eta 16 urte arteko gazteentzat. Udalak katalogoaren 1.000 ale banatu ditu, eta ikastetxeetara 4.000 ohar informatibo igorri ditu, familien artean banatzeko, normalean erabiltzen dituzten kanalen bidez (whatsapp), DBHko ikasleei zuzendutako 2.000 orrialde-markatzailegaz batera. Interneteko bertsioak (www.katalogoa.eus) 7.400 produktu baino gehiagori buruzko informazioa biltzen du. Udalerriko 7 liburu-dendek ekimenagaz bat egiten dute eta produktuak dituzte salgai.

Informazioa: www.katalogoa.eus. Getxoko liburu-denda kolaboratzaileak: www.getxo.eus/euskara.

Getxolandia

Getxolandiak, Getxoko Umeen Gabonetako Parkeak, hainbat atrakzio ekarriko dizkie haurrei abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra, Areetako Xake plazaren paraleloan doan errepidea eta haren azaleraren zati bat hartzen dituen gune batean. Parkeak Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartearen (AFADE) hainbat atrakzio izango ditu. Getxolandiako ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da. Leku aldaketa dela eta, Udala hainbat aukera aztertzen ari da inguru horretan ibilgailuen trafikoa bideratzeko eta datozen egunetan horren berri emango du.

Olentzeroren kalejira eta Errege Magoen desfilea

Olentzero antolatzeko batzordeek eta dantza taldeek zenbait jarduera egingo dituzte abenduaren 23an eta 24an, auzoaren arabera. Horrez gain, Erregeen desfilea Getxora itzuliko da urtarrilaren 5ean, bi ibilbidegaz. Lehenengoa, Andra Maritik eta Algortatik igaroko da, eta 17:30ean abiatuko da. Bigarrena, Romo-Areetan egingo dute, 19:30etik aurrera, eta aurreko edizioen kontrako noranzkoan egingo dute (laster jakinaraziko dute ibilbide berria zein izango den). Etapa bakoitza amaitzean, Errege Magoen harrera egingo dute Algortako Andres Isasi Musika Eskolan eta Romo Kultur Etxean, hurrenez hurren.

Antzerkia, musika eta bertsoak, Muxikebarrin

Muxikebarriko eskaintzak Biotz Alai abesbatzaren Gabonetako ohiko kontzertua hartuko du abenduaren 22an, 19:30ean, eta horretarako gonbidapenak jaso daitezke daborduko. Hilaren 23an, 19:30ean, Talycual, Txalo eta La alegría konpainien La coartada taularatuko da, Christy Hall egile txalotuaren lana oinarri hartuta. Egun horretan bertan, Lukiek eta Satan Tango taldeek kontzertua eskainiko dute 21:00etan eta, hilaren 26an, Kaeber Ensemble hirukoteak Revisitango Piazzolla kontzertua ere eskainiko du, non maisu argentinarraren konposizioak beste soinu-paisaia batzuetara eramaten dituen.

Muxikebarrin ere izango da Txapelondo 2022 bertso jaialdia (abenduaren 27an, 18:00etan), aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak bilduko dituena. Eta haurrentzat, hilaren 29an iritsiko da ‘Go! azen 9.0', EITBren telesail ezagunean oinarritutako azken ikuskizuna, saio bikoitzean, 16:30ean eta 19:00etan. Azkenik, hilaren 30ean, Urtz rock taldeak kontzertua eskainiko du, 21:00etan, “Arrigunagako barikuak” zikloaren barruan, Zabaldu ateak tour birari amaiera ematen dion kontzertua. Kultur Etxeko Gabonetako eskaintza osoa www.getxo.eus/getxokultura helbidean kontsultatu ahal izango da.

“Gabonetan” haurrentzako zikloa

Eskolako oporrak direla medio, Romo Kultur Etxeak “Gabonetan” zikloa antolatu du; haurrei zuzendutako zenbait jarduera izango dira, eta goizez egingo dira, 12:00etatik aurrera. Abenduaren 26an Pintto Pintto antzerki eta txotxongilo muntaia programatuko da eta, hurrengo egunean, Baserrian pailazo ikuskizuna izango da, Potxin eta Patxin pailazoakaz. Hilaren 28an, Tor Magoak magia show bat eskainiko du euskaraz; urtarrilaren 2an Panoli kabareta clown lanaz itzuliko da zikloa eta hilaren 4an amaituko da Urpekontzi misteriotsua antzerki eta musika ikuskizunagaz.

Haurrentzako tailerrak

RKEn ere 4-7 eta 8-12 urte bitarteko jendearentzako tailer eskaintza zabala egongo da, 17:00etatik 19:00etara. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, haurrek hainbat diziplina eta jarduera ikasteko eta sortzeko aukera izango dute, hala nola zirkua, baratzezaintza, pixel art, beirateak margotzea, hidrografia, musika, sormen-zientzia, txirbilakaz kamisetak egitea eta sukaldaritza (mini-pizzak, sushi eta kebab). Gainera, abenduaren 29an eta 30ean eta urtarrilaren 3an, goizeko beste hiru jarduera izango dira, 12:00etan, formatu ezberdinekoak: kontzertu interaktiboa, ipuin kontalaria eta musika tailerra. Sarrera doakoa izango da eta izen-ematea online egin ahal izango da abenduaren 12tik aurrera Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez (https://eudala.getxo.eus).

Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun eta GureGune gaztelekuetan

Udal ludotekako jarduerak Romo Ikastetxean egingo dira, eta bertan 5 eta 11 urte arteko haurrentzako aisialdiko hainbat jarduera izango dira: tailerrak, jolas kooperatiboak, hainbat motatako dinamikak eta abar. Aurten bi txanda ezarri dira: lehena, abenduaren 26tik 30era, eta bigarrena, urtarrilaren 2tik 5era. Jardueren ordutegia 10:30etik 13:30era izango da. Inskripzio epea dagoeneko bukatu da.  Horrez gain, Romoko GureGune Gaztelekuak eta Algortako Gauegun Gaztelekuak Gabonetako jarduerak egingo dituzte abenduko zenbait egunetan; programazioari amaiera emateko Bilboko Umeen Gabonetako Parkera irteera egingo dute hilaren 27an (asteartea) eta 28an (asteazkena).

Beste jarduera batzuk

Abenduaren 3an, Azebarrin, familientzako Biologia Tailerra egingo da: natur zientziak, mikroskopioa, eskulanak argazki eta bideoak, marrazkiak… 5 urtetik aurrerakoentzat (www.biook.org/eu/hasiera). Hilaren 11n, Bertsolari Eskolak antolatuta, ALBE Galak Igeretxe Hotelean Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bilduko ditu eskolako bertsolariekin batera (info.www.albe.eus). Abenduaren 15ean, Egizu elkartearen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolatuta, Joseba Sarrionaindia idazleagaz solasaldi literarioa izango da. Azebarrin, Munduari bira eman zion ontzia liburuaz arituko da (www.egizu.eus). Horrez gain, Txapelondo 2022 ikuskizuna eskainiko da, hilaren 27an, Muxikebarrin, une honetan ospatzen ari den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistak bilduko dituena. Kultur Etxeak antolatuta eta ALBEk bultzatuta, bertsolari finalistak bilduko ditu, baina txapelketako lehia-presiotik kanpo.

Bapiruke negulekuak

Bizarra Lepoan elkarteak, Udalagaz batera, Bapiruke euskarazko negulekuak antolatu ditu berriz ere, 5 eta 12 urte arteko gaztetxoentzat. Jarduerak, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dira, 09:00etatik 13:30era, eta 09:00etatik 17:00etara txango egunetan. Inskripzio epea dagoeneko itxi da. Informazio gehiago hemen: 94 491 03 87, info@bizarralepoan.eus eta www.bizarralepoan.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun