Jarduerak
Udalaren eskutik, Algortako Gaztelekuan, datorren astelehenean, abenduaren 19an, 19:00etatik aurrera, Historias de Arena y Sal narrazio ikuskizuna izango da, Bizkaiko Imazighen gazteen Agharas elkarteagaz. Ahozko narrazioak gazte migratzaile baten kulturaren eta migrazio-iraganbidearen bizipenak hurbilduko ditu, eta pertsona askoren istorioei ahotsa jarriko die, bost zentzumenakaz gozatzeko aukera emango duten istorioen bitartez.
Bestalde, Udalak sustatutako Zurrumurrurik Ez Estrategiaren gazte taldeak abenduaren 18rako, domekarako, 12:00etatik aurrera, ate irekien jardunaldia eta Scaperoom jarduera antolatu ditu, abenduaren 18ko efemeridearen inguruan hausnartze aldera.
Era berean, Kultur Etxeko zinema zikloen laguntzagaz, bihar, hilak 15, 19:00etan, Nely Reguerak zuzendutako La voluntaria (Zinemabarri) filma proiektatuko dute Muxikebarri Antzokian, eta hurrengo egunean, barikuan, 21:00etan, Gerardo Olivaresen 14 kilometro (Zinekluba) Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.
Udalerriko erakundeek Udalaren laguntzagaz antolatutako ekintzen artean, harrera, sentsibilizazio eta lankidetzaz arduratzen den Pertsonalde elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko aprobetxatuko du. Horretarako, topaketa berezia egingo du barikuan, hilaren 16an, 18:30etik aurrera. Gainera, elkarte horrek hilaren 18an Lutxanatik (Erandio) Bilboko Areatzaraino oinez martxa bat ere egingo du, hiri horretan egingo den kontzentrazioagaz bat egiteko.
Azkenik, Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioak, Ibilki elkarteagaz batera, Sopela eta Plentzia arteko ibilbide osasungarria antolatu du, Ipuin kontalariakaz, abenduaren 17rako. Hitzordua 9:30ean izango da Sopelako geltokian. Horretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, hemen: https://bit.ly/SenderismoFED2022