Sarekide elkarteari gala antolatzea eta pertsona eta entitate boluntarioei guztiok bizitza duina eta kalitatezkoa eduki ahal izateko egiten duten lan solidarioa eskertu ondoren, Amaia Agirre alkateak nabarmendu zuen “egunetik egunera kalitate-maila handiagoak lortuko dituen gizarte bat nahi baldin badugu, guztiok parte hartuko dugun gizarte bat nahi badugu, urteetan zehar eraiki duguna mantendu behar dugu, boluntariotzara hurbiltzea bultzatu behar dugu eta, era berean, txikitatik elkartasun-balioetan hezi behar dugu. Horixe egiten saiatzen gara administrazioaren, gizarte-erakundeen eta boluntarioen artean, pertsona guztientzako bizitza duina lortzeko indarrak batzen dituen gizarte-sare bat lortzeko, hain zuzen ere, guztiok berdinak egiten gaituena”.
San Nikolas Zabalik
Algortako San Nikolas Barikoa parrokian sortutako San Nikolas Zabalik elkartea 2018tik sustatzen ari da MER+ proiektua, gizarte-bazterketa arriskuan eta egoera ahulean dauden familiei eta pertsonei arreta emateko, eta, aldi berean, planetaren ingurumen-iraunkortasunean laguntzeko, elikadura-ekoizpenaren zikloaren barruan sortzen diren produktu freskoen soberakina aprobetxatzen dutelako. Gaur egun 160 familia artatzen ditu, 76 boluntarioren lanaren bidez eta gizarte-erakundeen, saltokien eta enpresen sare handi baten lankidetzagaz.
Sor Ascension Saiz
Bestalde, Sor Ascension Saizek Itsasbegi eraikinean garatu du bere jarduera (lehen Karitateko Alaben Ikastetxea bezala ezagutzen zena). 2011n, gizarte-bazterkerian dauden pertsonen zerbitzura hasi zen lanean, eta, 2018az geroztik harrera-lanak egiten ditu, hezkuntza-talde profesionalakaz lankidetzan. Inguruko pertsonek gertuko emakumetzat jotzen dute, inguruko arazoei arreta eskaintzen diena. Saria bere lana aintzatesteko da, pandemiak eten baitu bere jarduera, gaixotasuna izateko arriskuagatik.
Topaketan, Argazkigintza Sozialaren V. Lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Lehenengoa Argia Fundazioko Sergio Muñozentzat izan zen, bigarrena Eskubeltz Eskaut Taldeko Gonzalo Lozarentzat, eta akzesita Ireki elkarteko Enrique Cuestarentzat.