DokuMentala film laburren jaialdiaren lehiaketan parte hartzen duten proposamenen ardatz tematikoa da gizartean gerta daitezkeen eta pertsonengan, kolektiboetan eta udalerrietan aldaketa positiboak eragiten dituzten laguntza-harremanak ikusaraztea. Guztira, 145 film-labur jaso dituzte edizio honetan, leku askotarikoak, tokikoak zein nazioartekoak.
Jasotako proposamenen kalitatea eta kantitatea azpimarratu dute antolatzaileek, "izan ere, giza eskubideen urraketen, deserrotzearen eta utzikeriaren egoerak salatu dira, eta arreta berezia jarri da genero-indarkeriaren, nahi gabeko bakardadearen, migrazioaren eta zenbait kolektibori gizarte gisa egozten dizkiegun estigma sozialen aurkako salaketa-egoeretan". Hala, hainbat egoera sozial marraztu dituzte film laburrok, "non pertsonek laguntza-sareak ehuntzen dituzten desberdintasunari eta zaurgarritasunari eusteko komunitate bat eraikitzeko".
Sariak banatzeko epaimahaia Argia Fundazioko erabiltzaileek, boluntarioek, profesionalek, senideek eta Bizitegi Elkarteko pertsonek osatu dute. Azken elkarte honek gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen alde egiten du lan, zinemaren eta antzerkiaren bidez, Homeless Film Festival jaialdiaren bitartez.