Aspaldiko erromerietan zer dantzatzen zen argitu gura du Itxartu euskal dantzari taldeak

Iker Rincon Moreno 2022ko abe. 21a, 17:12

"Jota eta erromeriak Uribe Kostan" izenburua daraman mahai-ingurua antolatu du Itxartu euskal dantzari taldeak abenduaren 28rako. Saioa Algortako Muxikebarri Antzokian izango da, 19:00etatik aurrera, eta aurreratu dutenez, tokiko dantzari zaharrek parte hartuko dute bertan.

Gaur egungo gazteak aste-akaburo diskoteketara joaten diren moduan, adineko pertsonek erromerietara joaten ziren dantza egitera euren gaztaroan. Baina, zelakoak ziren garai horretako erromeriak? Zer dantzatzen zuten? Galdera horiei erantzun gura diote Itxartu taldekoek. Izan ere, diotenez, jota zen garai hartako dantza berritzaileetako bat, "baina, horrez gainera, ezer gutxi dakigu...".

Kontuak horrela, eskualdean eta inguruan ospatzen ziren erromeriak zelakoak ziren jakiteko asmoz, mahai-inguru berezia prestatu dute inguruotako dantzari nagusiakaz. "Aspaldiko pasadizoak kontatuko dizkigute, bitxikeriak, komeriak...eta, nola ez, jota eta arin-arina dantzatuko ere".

Mahai-ingururako sarrera doakoa izango da, baina, edukiera mugatua izango denez, gonbidapena eskatu beharko da 650 077 756 telefono zenbakira deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun