Eduardo Andradek ziurtatu duenez, "kezka erabatekoa da; izan ere, arau-hauste penalei buruzko datuak 2021etik 2022ra igo dira, eta, gainera, aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 2021 osoko datuak gainditu dira, eta horrek bereziki kezkagarria den egoera batean jartzen du udalerria, 2022k herritarren segurtasunik ezari buruzko datu oso negatiboak emango dituela aurreikusten baitu".
Bozeramaile popularrak azaldu duenez, zifra horiek Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datuak biltzen dituzte. Getxoko datuak, oro har, "kezkagarriak" direla ziurtatu du; izan ere, "2021ean udalerrian 1.473 arau-hauste penal jaso ziren guztira, baina gaur egun badakigu 2022ko irailera arte 2.024 arau-hauste penal egin direla guztira, eta horrek % 37,4ko igoera erakusten du ehunekoetan".
"Oro har, Getxon gertatutakoa Bizkaian gertatutakoarekin alderatzen badugu, ikusiko dugu guztizko kopuruak ere gora egin duela aurreko urtearekin alderatuta, baina portzentaje askoz txikiagoan", adierazi du. Ildo horretan, ohartarazi duenez, "2021ean 35.020 arau-hauste penal egin ziren –Bizkaian–, baina 2022an 43.124 egin ziren, hau da, % 23,1eko igoera izan da".
Andraderen ustez, "irakurketa oso argia da: Bizkaian, guztira, % 20 igo dira arau-hauste penalak, eta Getxon, berriz, ia % 40; beraz, zerbait oso gaizki egiten ari gara, eta, gutxienez, behar duguna da presentzia polizial gehiago eta auzo-komisaria gehiago Areetan eta Andra Marin".
Getxori dagokionez, honako hau adierazi du: "2022ko urtarriletik irailera, indarra erabiliz 205 lapurreta erregistratu dira etxe, establezimendu eta beste instalazio batzuetan; iaz, berriz, 137 izan ziren, eta horrek esan nahi du % 49,6ko igoera izan dela". Horien artean, "191, gehienak, etxebizitzetan gertatu dira, aurreko urtearen aldean % 72,1eko igoerarekin", adierazi du.
Halaber, nabarmendu duenez, "irailera arte 465 lapurreta erregistratu dira, aurreko ekitaldiko hirugarren hiruhilekora arte erregistratutakoak baino % 42 gehiago (327)".
Gainera, adierazi duenez, "urtea amaitzeko hiru hilabete falta direnean, dagoeneko dolozko bi hilketa eta hilketa saiakerak izan dira, iazko kopuru bera, eta horrek % 100eko igoera ekarri du".
Horren guztiaren aurrean, popularrak gogoratu duenez, duela zenbait urtetik ari dira kaleetan polizia gehiago egotearen alde, "hau da, polizia gehiago oinez patruilatzen, horrek segurtasun sentsazioa areagotzen baitu herritarren artean", baita Areetan eta Andra Marin auzoko komisaria bat jartzearen alde eta kaleetan zaintza kamera gehiago jartzearen alde ere, "hain zuzen ere, Barne Ministerioak ematen dituen zifretara iristea saihesteko".