Langabezian dauden, Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonak kontratatu dituzten bertoko enpresek eska ditzakete laguntzok. Kontratu horiek 2022ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean hasitakoak izan beharko dute, baita mugagabeak eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan ere, gutxienez lanaldiaren % 50a.
Gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuak ere diruz lagunduko dituzte, lanaldiaren % 50agaz gutxienez. Laguntza 10.000 eurora arte igoko da DBEren (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) titular edo onuradunen kolektiboetako pertsonak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik gorakoak kontratatzen badira. Kontratuak emakumeei egiten zaizkienean, diru-laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko dute. Laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du gainditu kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75 (kolektiboaren kasuan, %100).
Gainera, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute, diruz lagundutako kontratua duten pertsonak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean. Kanpoan geldituko dira aurreko deialdietan enpresa berean kontratatzeagatik laguntza jaso duten pertsonen lan-kontratazioak.
Eskaerak bihartik, martitzenetik, aurrera aurkeztu ahal izango dira Ekonomia Sustapenean (Ogoño kalea 1, Areeta).