Getxoko emakumearen gorpua zapatu goizean aurkitu zuten Bilboko itsasadarrean, Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaia Zubiaren parean. Egindako lehenengo autopsiak itota hil zela ebatzi zuen, itsasadarrera bota aurretik. Hala ere, ikerlariek beste autopsia bat egitea erabaki zuten, erailketa guztiz baieztatzeko, biktimak hainbat egun zeramatzalako uretan hilda; bigarren azterketa horren emaitzen zain daude oraindino.
Azken erailketa matxistak salatzeko mobilizazioak
Getxoko hildakoaz gainera, beste emakume bat erail dute egunotan Bilbon, eta, horren aurrean, bere amorrua agertu du mugimendu feministak. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak gogoratu du daborduko lau izan direla Euskal Herrian erail dituzten emakumeak eta, salatu duenez, hilketa horiek ez dira kasu isolatuak, "egunero kolpatzen eta erailtzen gaituen sistema baten ondorio krudelena baizik".
Euskal Herriko mugimendu feministak behin baino gehiagotan salatu du sistema hori "emakumeenganako* egiturazko indarkeria matxistari esker sostengatzen dela". Izan ere, azpimarratu duenez, erailketa da indarkeria horren muturreko adibide gordinena, "baina egunerokotasunean beste hamaika forma hartzen ditu indarkeria instituzionalean, laneko indarkerian, harremanetako indarkeria psikologiko nahiz fisikoetan, jai giroko eraso matxistetan…".
Horren guztiaren aurrean, indarkeria matxistari eta sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin exijitu dute mugimendu feministako kideek. "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Indarkeriarik gabeko bizitzak eraiki ditzagun!".